Nerea Arriene idazleak 'Gorputzen aldiriak' liburua aurkeztuko du (argazkia: Kultur Sharea)

Literaktum jaialdia gaur abiatuko da, aniztasuna eta ahots isilak ardatz hartuta

Azaroaren 9tik 22ra, literatura, antzerkia, musika eta ilustrazioa uztartuko ditu Donostiako jaialdiak. Joseba Sarrionandia, Garazi Kamio, Nerea Arrien, Ken Bugul eta Yasmina Reza izango dira parte-hartzaileen artean.

Literaktum literatura jaialdia gaur abiatuko da Donostian, Bitxia: aniztasuna eta ahots isilak gai nagusi hartuta. Gutxiengoen istorioak, ikusezin bihurtzen diren errealitateak eta identitateen arteko gatazkak izango dituzte hizpide aurtengo jardueretan, irakurleen eta sortzaileen arteko topaketak sustatuz.

Joseba Sarrionandiak Drapetomania aurkeztuko du gaur, Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan, eta Jabier Muguruzak Café Mokka eramango du agertoki berera bihar. Euskal literaturako beste hainbat egilek ere parte hartuko dute, tartean Irati Jimenezek, Garazi Kamiok eta Itziar Ugartek.

Nazioarteko sortzaileen artean izango dira Elvira Minguez, Lucia Solla Sobral, Juan Gabriel Vasquez, Uwe Wittstock, Patricio Pron, Ken Bugul eta Sergio del Molino. Yasmina Rezak Casos reales aurkeztuko du azaroaren 12an, Okendo kultur etxean.

Liburu-aurkezpenez gain, egitarauak antzerkia, errezitaldiak, solasaldiak eta erakusketak bilduko ditu. Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek 85 kopla hitzaldi musikatua eskainiko dute, eta Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak Gabriel Aresti Mug(h)arri pieza eszenikoa taularatuko dute.

Kutxa Fundazioa Literatura Sarietan saritutako Jon Gerediagaren Kontuz, Ikaro! eta Nerea Arrienen Gorputzen aldiriak lanak ere aurkeztuko dituzte. Ekitaldi berean, Arantxa Iturbek Ibilbide Saria jasoko du.

Haurrentzako eskaintzak ere izango du lekua Literaktum Txikian, ipuin-kontaketekin, ilustrazio-lantegiekin eta antzerkiarekin. Jarduera gehienetarako sarrera librea izango da, baina zenbait saiotarako gonbidapena beharko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna