Urtebeteko etenaldiaren ondoren itzuli da Azkoitiko taldea. Urtarrilaren 12an argitaratuko dute hirugarren diskoa eta maitasunaren argilunak aztertuko ditu, greziar antzerki klasikoko elementuak erabiliz.
Bulego taldeak Zugatik singlea argitaratu du gaur, azaroaren 9an, urtebetez zuzeneko emanaldiak eta agerraldi publikoak eten ondoren. Azkoitiko laukotearen hirugarren diskoaren lehen aurrerapena da, eta amore izeneko lan berria 2027ko urtarrilaren 12an kaleratuko dute.
Itzulerarako aukeratutako eguna taldearen azken kontzertuaren urteurrenarekin bat dator. 2025eko azaroaren 9an Euskalduna Jauregian eskaini zuen azken emanaldia Bulegok, sorkuntzan murgiltzeko geldialdiari ekin aurretik.
Azken hamabi hilabeteetan, hainbat diziplinatako profesionalekin aritu dira lanean, tartean psikologiako eta musika-ekoizpeneko adituekin. Soinu-aukera berriak ikertu, egitura narratiboak garatu eta konposizioan sakondu dute.
Lan horren emaitza izango da amore, euskarazko disko kontzeptuala. Greziar antzerki klasikoko elementuak erabiliz, maitasunaren fase desberdinak zeharkatzen dituen pertsonaia baten istorioa kontatuko dute, kronologikoki antolatutako hamabost abestiren bidez.
Lehen aurrerapenak, Zugatik kantak, erakarpena du ardatz. Tom Lizarazuk konposatu du abestia, eta Stefano Maccarronerekin batera ekoitzi du taldeak.
Musikari dagokionez, laurogeiko hamarkadako synthpopa esploratu dute azkoitiarrek. Garai hartako sintetizadoreak eta erritmo-kutxak berreskuratu dituzte, soinu horiek ikuspegi garaikide batetik berrinterpretatzeko.