Urko Milagro musikari iruindarraren proiektuak alaitasuna, ospakizuna eta enpatia ardatz dituen ‘Gure paradisua’ bigarren diskoa kaleratu du, Baga Biga diskoetxearekin.
Mirari taldeak Gure paradisua bigarren diskoa kaleratu du, Baga Biga diskoetxearekin. Urko Milagro musikari iruindarrak 2024an sortutako proiektuak Mundu berria estreinako lana argitaratu zuen urte hartan, eta bigarren disko honetarako taldekide berriak batu ditu.
Ospakizunerako diskoa da Gure paradisua, une gozoak bizitzeko eta atseginak ez diren pertsonak zein egoerak albo batera uzteko asmoz sortua. Popa, rocka, ska eta baladak uztartzen ditu, alaitasuna eta enpatia oinarri hartuta.
Bederatzi abestik osatzen dute lana. Diskoari izena ematen dion Gure paradisua kantak etapa berri bati ongietorria ematen dio, soinu elektronikoak eta pop-rock gitarrak nahastuz. Irrien truke abestiak pop erritmo alaiak ditu; Bizirik kantak, berriz, rock doinu indartsuak. Hemen eta Eskerrak eman abestien bidez, baladek ere badute lekua diskoan.
Kolaborazioen artean, Alaitz eta Maider taldeak eta Lourdes Navarrok zuzentzen duen Aralar Udal Musika Eskolako Abesbatza Gazteak parte hartu dute Entzun dadila abestian, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko ska kantuan. Maiur artistak, berriz, Askatasun oihua kantuan jarri du ahotsa.
Urko Milagrok idatzi ditu abestien hitzak eta musika, eta hainbat instrumentu jo ditu grabazioetan. Adrian Vallejok Musiikki estudioetan grabatu du diskoa, eta Milagrorekin batera ekoitzi du.