Agur biran murgilduta dagoen taldeak bere ibilbidearen atzera begirada egin du, eta iraganean sortutako abesti bat aukeratu du musika eta sormen-prozesua uztartzen dituen egitasmorako.
Izaki Gardenak taldea agur bira egiten ari da, jotzeari utzi aurretik. Azken kontzertuez gozatzen ari diren honetan, nostalgiak iraganera begiratzera eraman ditu taldekideak, eta urteetan bazterrean utzitako abestiak ekarri dizkie gogora. Horietako bat da Zuen eguzkia, DK Sessions egitasmoaren seigarren saiorako berreskuratu dutena.
Donostia Kulturak, Elhuyarrek eta Ulu Mediak elkarlanean garatutako DK Sessions proiektuak musikarien sormen-prozesua ezagutaraztea du helburu, abestien atzean dauden istorioak eta esperientzia pertsonalak jasoz. DK Irratiaren inguruan sortutako egitasmoak musika-grabazioak, podcast narratiboak eta ikus-entzunezko edukiak uztartzen ditu.
Saio bakoitzean, musikari bat estudiora joaten da abesti bat grabatzera, eta prozesu hori hiru formatutan jasotzen da. Podcast narratiboan, artistak lehen pertsonan azaltzen ditu kantaren sorrerako inspirazioa, zailtasunak eta une gogoangarriak. Estudioan grabatutako abestia streaming plataformetan zabaltzen da, eta grabazio-saioaren irudiak making of bideo batean biltzen dira.
Hala, Izaki Gardenaken saioak taldearen azken birarekin bat egin du. Atzera begirako honetan, garai batean sortutako abestiek taldearen ibilbidean izan duten lekua hartu dute hizpide, baita denborarekin errepertoriotik kanpo geratu arren taldeari zentzua ematen jarraitzen duten kantuek ere.
DK Sessions egitasmoan Maite Larburu, Amorante, Sua Enparantza eta Kiliki ere aritu dira orain arte. Song Exploder, Tiny Desk, KEXP eta Bizarrap Sessions bezalako proiektuak eredutzat hartuta, bertako zein nazioarteko musika-eszenari ikusgarritasun handiagoa eman eta garai baten testigantza jaso nahi du ekimenak.