Azaroaren 21etik 29ra, 22 konpainiaren 41 emanaldi eskainiko dituzte jaialdian, Ez izan automata lelopean. Ikuskizunez gain, tailerrak, poesia eta bertsolaritza ere izango dira egitarauan.
Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren 44. edizioa egingo dute azaroaren 21etik 29ra, Tolosan, Donostian, Pasaian, Zarautzen, Eibarren, Urnietan eta Sestaon. Guztira, 22 konpainia izango dira, eta 41 emanaldi eskainiko dituzte. Tolosan, 16 ikuskizun izango dira TOPICen, Leidorren eta kalean.
Ez izan automata lelopean, besteak beste, pentsatzeko eskubidea eta galderak egitearen garrantzia aldarrikatu nahi dituzte antolatzaileek. Aurtengo egitarauan jasotako adierazpenek jaialdiaren planteamendua azaltzen dute: «Ez dugu errepikatu nahi: interpretatu nahi dugu», «Galderak egitea ere kultura egitea da» eta «Zalantza ezagutza-modu gisa defendatzen dugu».
Azaroaren 21ean, Kataluniako Zum-Zum Teatre konpainiak Monstruo Rosa antzezlana eskainiko du euskaraz, Leidorren. Egun berean, Dora Cantero sortzaile kataluniarrak Cosas que caen del cielo aurkeztuko du TOPICen, objektuen antzerkia, zuzeneko musika eta umorea uztartzen dituen ikuskizuna.
Kanadako Snafu konpainiak, berriz, hitzik gabeko bi lan eskainiko ditu: Epidermis Circus, azaroaren 27an, eta Baby Tyler Show, hilaren 28an. Italiako Zaches konpainiak Los cuentos de Sibylla eramango du Tolosara hilaren 26an, itzalak, txotxongiloak eta figurak baliatuta.
Galiziako Butaca Zerok ere parte hartuko du jaialdian, Melón Pelado lanarekin. Azaroaren 25ean aurkeztuko duten ikuskizunak Gerra Zibilean ilea larru-arras moztu zieten emakumeen historia isilarazia landuko du, ahozko narrazioa, antzerki dokumentala eta objektuen antzerkia uztartuz.
Nafarroako La Banda Teatro Circo konpainiak Nuur ikuskizuna eskainiko du azaroaren 29an, TOPICen. Mugimendua, musika eta argiak uztartzen dituen hitzik gabeko proposamena da, jaiotzen den arima baten bidaia kontatzen duena.
Bertsolaritzak ere izango du tartea jaialdian. Azaroaren 28an, Uxue Alberdi, Amaia Agirre eta Onintza Enbeitia ariko dira Bertsotxongiloaren haritik saioan, TOPICeko anbiguan. Hurrengo egunean, Marie de Jongh konpainiak Kimu antzezlana eskainiko du euskaraz, Leidorren.
Emanaldiekin batera, bestelako jarduerak ere izango dira. Las Hijas de Felipe taldeak zuzeneko podcasta grabatuko du, eta profesionalentzako Eromenaren maskarak tailerra eskainiko du Luana Gramegnak, UNIMA Euskal Herriarekin elkarlanean. Poesiak ere izango du lekua, Peru Saizprezen Tu tú es todo lo que quiere mi yo saioarekin.