Bulegok Euskal Herriko zazpi herrialdeak zeharkatuko ditu egun bakarrean, zazpi kontzertu akustiko eskaintzeko

Azaroaren 21ean, Maulen hasi eta Iruñean amaituko du taldeak ibilbidea, ‘amore’ diskoaren inguruko etapa berrian entzuleekin berriz elkartzeko. Emanaldi guztiak doakoak izango dira.

Zazpi kontzertu, zazpi herrialde eta egun bakarra. Bulego taldeak Euskal Herria zeharkatuko du azaroaren 21ean, larunbatean, zazpi emanaldi akustiko eskaintzeko. Urtebete entzuleekin elkartu gabe igaro ondoren, taldeak gertuko topaketak proposatu ditu, kantuak eta publikoarekiko harremana erdigunean jarriz.

Ibilbidea amore diskoaren inguruan zabaltzen ari den etapa berriaren parte da. Azken urteotan bidelagun izan dituen entzuleekin berriz elkartu nahi du Bulegok, herriz herri kantuak partekatu eta elkarrekin abesteko.

Goizeko 09:00etan hasiko dute eguna, Mauleko Pitxu Gaztetxean. Handik Donapaleu-Domintxineko Aldaka Gaztetxera joango dira, 10:40ean, eta 12:45ean Baionako Kalostrape tabernan ariko dira, egun horretako euskararen aldeko manifestazioaren egitarauaren barruan.

14:40ean Donostiako Baga Biga Faktorian eskainiko dute kontzertua. Hurrengo geldialdia 17:00etan izango da Bilboko Lumieren, eta Gasteizko Parral tabernan joko dute 19:00etan. Iruñeko Txalapartan amaituko dute ibilbidea, 21:30ean.

Gaztetxeek, tabernek eta kultur espazioek hartuko dituzte zazpi emanaldiak. Geldialdi bakoitzak bere izaera izango du, baina guztiak formatu akustikoan eskainiko dituzte, eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ordutegiak gutxi gorabeherakoak dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna