Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan jaio edo bertan bizi diren egileei zuzenduta dago deialdia. Hautatutako proiektuak 6.000 euroko laguntza jasoko du, eta lanak aurkezteko epea urtarrilaren 11n amaituko da.
Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Elkar fundazioak EKE-Elkar literatura bekaren 2027ko deialdia ireki dute, Ipar Euskal Herriko idazleak euskaraz idaztera bultzatzeko. Beka bi urtean behin antolatzen dute, eta hautatutako egitasmoaren egileak 6.000 euroko diru kopuru gordina jasoko du.
Deialdi bakoitzean literatura generoa aldatzen da, eta 2027ko edizioan helduentzako edo gazteentzako komiki proiektuak aurkeztu ahal izango dira. Lanak Iparraldeko euskara batuan sortuak izan beharko dira, ezin izango dira aurretik argitaratutakoak izan, ez osorik ez zatika, eta ezin izango dira beste obra batzuen moldaketak izan.
Lehiaketan Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan jaiotako edo bertan bizi den edonork parte har dezake, adin mugarik gabe. Proiektuak bi pertsonak edo gehiagok sortzen badituzte, gutxienez egileetako bat Iparraldekoa izan beharko da.
Hautagaiek bi dokumentu aurkeztu beharko dituzte: garatu nahi duten proiektuaren bi eta lau orrialde arteko azalpena, eta obraren zortzi eta hamar orrialde arteko lagina. Bi dokumentu horietan ezingo da egilearen identitatea agertu. Horrez gain, izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dituzte, bereizita.
Proposamenak 2027ko urtarrilaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira, posta arruntez Elkar argitaletxearen Baionako helbidera (9 Gouverneurs karrika, 64100 Baiona), edo posta elektronikoz, frank.suarez@eke.eus eta mlegardinier@elkar.eus helbideetara.
Hiru kidek osatutako epaimahaiak aztertuko ditu aurkeztutako egitasmoak, eta 2027ko otsailaren 12a baino lehen jakinaraziko die erabakia hautagaiei. Irabazleak bekaren zenbatekoaren erdia erabakia jakinaraztean jasoko du, eta beste erdia obra argitaratzean.
Hautatutako egileak 2028ko otsailaren 11ra arteko epea izango du lana amaitzeko. Deialdiaren oinarrien arabera, obrak gutxienez 60 orrialde izan beharko ditu. Lanaren egile-eskubideak sortzailearen eta Elkar argitaletxearen arteko kontratuan zehaztuko dira.