Azaroaren 27tik abenduaren 13ra bitartean izango da Loraldia Plaza. Ines Osinaga, Mursego, Joseba Sarrionandia, Olatz Salvador eta Alaia Martin izango dira, besteak beste, aurtengo egitarauko protagonistak.
Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriaga jaialdiak bosgarren edizioa ospatuko du aurten, Zure gailurretik gora lelopean. Azaroaren 27an eta 28an eta abenduaren 10etik 13ra bitartean, sei kultur hitzordu eskainiko ditu bi udalerrietako hainbat gunetan.
Ines Osinagak eta Ahizpak taldeak emango diote hasiera jaialdiari azaroaren 27an, 19:30ean, Zaratamoko Kultur Aretoan. Itsasoa da bide bakarra proiektutik sortutako emanaldian, Osinaga, Yaima Orozco, Irina Gonzalez eta Garazi Egiguren ariko dira, Euskal Herriko eta Kubako musika eta dantza uztartuz.
Hurrengo egunean, azaroaren 28an, Mursego eta Joseba Sarrionandia elkartuko dira Arkotxako elizan, 19:30ean. Sukramarkus ikuskizunean, Markos Gimenoren palindromoak izango dira nagusi, musika, literatura, performancea eta umorea uztartuz.
Abenduaren 10ean, DAB Dantza Konpainiak Kea eta Tinieblak koreografiak aurkeztuko ditu Abusuko Kultur Zentroan, 19:00etan. Lehenak Donostiako Tabakalerako emakume langileak eta industriaren itzalean aritutako emakumeak omenduko ditu; bigarrenak, berriz, euskal dantzetako erreferentziak landuko ditu dantza garaikidearen bidez. Emanaldia doakoa izango da.
Abenduaren 11n, Olatz Salvadorrek eta Alaia Martinek 1:1 eskala ikuskizuna eskainiko dute Lonbo Aretoan, 20:00etan. Musika eta bertsolaritza elkartuko dituzte, emakumeen bizitzetan agertzen den erruduntasuna abiapuntu hartuta. Iritsi ezina, amatasuna, gorputzaren gaineko presioa, familia-aginduak, lotsa eta kulpa izango dituzte hizpide, besteak beste.
Mikel Urdangarin izango da abenduaren 12ko protagonista. Lonbo Aretoan eskainiko duen kontzertuan, 20:00etan, laukote formatuan aurkeztuko du bere errepertorioa, Rafa Rueda, Ander Hurtado de Saratxo eta Jon Cañaveras musikariekin batera.
Jaialdia abenduaren 13an amaituko da, 12:30ean, Azokean. Ulibarri Artzainak proiektuak gazta ekologikoaren eta hiru txakolinen dastaketa eskainiko du. Asier eta Iker Ulibarriren familia-egitasmoak artzaintza, gaztagintza eta mahastizaintza uztartzen ditu Gordexola eta Okondo inguruan.
Ordainpeko ekitaldietarako sarrerek 8 eta 10 euro arteko prezioa izango dute, eta Lorazain komunitateko kideek tarifa bereziak izango dituzte. Egitarau osoa eta sarrerei buruzko informazioa Loraldiaren webgunean daude eskuragarri.