EHUko HiTZ Zentroak garatutako tresnak Interneten informazioa bilatzeko, irudiak ulertzeko eta 21 hizkuntzatara itzultzeko aukera eskaintzen du. Arrazoitzeko eta programatzeko gaitasunak ere hobetu dituzte.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Zentroak Latxa 3 aurkeztu du, euskarazko adimen artifizialaren ereduaren hirugarren bertsioa. Berrikuntzen artean, Interneten informazio eguneratua bilatzeko, irudiak ulertzeko eta 21 hizkuntzatara itzultzeko gaitasunak daude. Tresna doan erabil daiteke Latxaren webgunean.
Bertsio berriaren ezaugarri nagusietako bat kanpoko informazio-iturriak kontsultatzeko aukera da. Erabiltzaileek azken albisteak bilatu, datu zehatzak aurkitu edo informazioa hainbat iturrirekin alderatu ahal izango dute.
Horretarako, Eitbrekin, Berriarekin eta Tokikomekin elkarlanean aritu da HiTZ Zentroa, hedabide horien albisteak zuzenean indexatzeko. Horrela, Latxak euskarazko komunikabideetako edukiak aurkitu eta erabil ditzake informazioa bilatzean.
Itzulpenaren arloan ere berrikuntzak dakartza Latxa 3k. Guztira 21 hizkuntzarekin lan egiteko aukera eskaintzen du, tartean arabiera estandarra, errumaniera, urduera eta bengalera. HiTZ Zentroaren arabera, hizkuntza horiek aukeratzeko orduan Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoa hartu dute kontuan.
Irudiak ulertzeko gaitasuna da beste berrikuntzetako bat. Erabiltzaileek kartel, menu edo jarraibideen argazkiak igo ditzakete, haien edukia argitzeko edo agertzen den testua itzultzeko. Horrez gain, irudiari buruzko galderak egiteko aukera ere badago.
Ereduak arrazoitzeko eta programatzeko gaitasunak ere hobetu ditu. Hainbat urrats eskatzen dituzten zereginak lantzeko, dokumentu luzeetako informazioa kontsultatzeko eta kodea sortu, azaldu edo zuzentzeko erabil daiteke, besteak beste.
HiTZ Zentroak jakinarazi duenez, Latxak 4.000 erabiltzaile erregistratu baino gehiago ditu dagoeneko. Azken hilabetean, egunean batez beste 300 elkarrizketa eta 500 itzulpen inguru egin dituzte plataforman.
Erabiltzaileek tresnaren hobekuntzan parte hartzeko aukera ere izango dute. Noizean behin, bi erantzunen artean egokiena aukeratu ahal izango dute, HiTZek jasotako balorazioak erabil ditzan erantzunen kalitatea ebaluatzeko.
Latxaren eredua eta kodea lizentzia irekiarekin banatzen dira. HiTZ Zentroak adierazi duenez, helburua da euskarak adimen artifizialaren garapenean bere tokia izatea, azpiegitura ireki eta publiko baten bidez.