Nagore Aranburu, Patricia Lopez Arnaiz, Ainara Gurrutxaga, Arnatz Puertas, Jose Ramon Soroiz eta Kepa Errasti izan dira XXI. Besarkada Sarietako irabazleak. Nerea Sanzek eta Omar Somaik Errebelazio Sariak jaso dituzte.
Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) XXI. Besarkada Sariak banatu zituen azaroaren 16an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Antzerkian, zineman eta fikzio-seriatuetan egindako interpretazioak aitortu zituzten aurtengo edizioan, eta Iñake Irastorza aktore oriotarrak Ohorezko Besarkada jaso zuen, bere ibilbide profesionalagatik eta lanbidearen alde egindako lanagatik.
Fikzio-seriatuen atalean, Nagore Aranburuk Emakumezko Aktore Onenaren saria eskuratu zuen, Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako Querer telesailean egindako interpretazioagatik. Gizonezko Aktore Onenaren saria, berriz, Arnatz Puertasek jaso du, Argi gorriak telesailean egindako lanagatik.
Zinemaren kategorian, Patricia Lopez Arnaiz saritu dute Los domingos filmean egindako interpretazioagatik, eta Jose Ramon Soroiz Maspalomas filmean egindako lanagatik.
Antzerkian, Ainara Gurrutxagak Emakumezko Aktore Onenaren saria jaso du Itzulera antzezlanean egindako lanagatik. Kepa Errastik, aldiz, Gizonezko Aktore Onenaren saria eskuratu du Desobedienteak 18/98 obran egindako interpretazioagatik. Errastik bigarren urtez jarraian jaso du sari hori.
Aurtengo Errebelazio Sariak Nerea Sanzek eta Omar Somaik jaso dituzte. EABk Sanzek azken bi urteetan ikus-entzunezko hainbat ekoizpenetan egindako lana nabarmendu du, besteak beste, Argi gorriak, Zeru Ahoak eta Jone, batzuetan lanetan. Somairen kasuan, zineman, telebistan eta antzerkian egindako ibilbidea aitortu du, tartean Desagertuta, Go!azen eta Desobedienteak 18/98 ekoizpenetan izandako parte-hartzea.

Iñake Irastorzaren ibilbideari aitortza
Ohorezko Besarkadaren bidez, EABk Iñake Irastorzak interpretazioari eskainitako urteak eta lanbidearekiko konpromisoa aitortu ditu. Orioko aktorea andereño lanetan ari zela hasi zen antzerkian, Orain konpainiarentzat proba bat egin ondoren.
Bere ibilbidean Vaiven, Ados Teatroa, Hika eta Txalo konpainiekin aritu da, besteak beste, eta Garbi Losada, Agurtzane Intxaurraga, Calixto Bieito eta Mario Gas zuzendariekin lan egin du. Zineman Aupa Etxebeste!, Legado en los huesos eta Gaua filmetan parte hartu du; telebistan, berriz, Wazemank, El internado: Las Cumbres eta Cuéntame cómo pasó telesailetan.
Aktoreen lan-baldintzak hizpide
Sari-banaketa ekitaldian, gainera, aktoreen lan-eskubideak izan zituzten hizpide. EABko idazkari nagusi Urko Olazabalek lan-baldintza duinak bermatzeko beharra, Artistaren Estatutuaren garapena, adimen artifizialaren aurrean interpreteen irudia eta jabetza intelektuala babestea eta euskarazko sorkuntza eta ekoizpena sustatzea aipatu zituen.
Hodei Arrastoak eta Kepa Errastik gidoia idatzi eta gala zuzendu zuten, bigarren urtez jarraian. Eriz Alberdi, Itziar Manero, Mikel Losada, Idoia Tapia eta Erika Olaizola aritu ziren aurkezle lanetan.