(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Aitor Mendiluze nagusitu da Donostiako finalaurrekoan

760 puntu eskuratu zituen larunbatean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioan. Joanes Illarregi sailkatu zen bigarren, eta Aner Peritz hirugarren. 3.000 bertsozale baino gehiago bildu ziren Illunben.

Aitor Mendiluze nagusitu zen joan den larunbatean, azaroaren 21ean, Donostia Arena-Illunben jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bosgarren finalaurrekoan. Bigarren itzuliko lehen saioa izan zen, eta 3.000 bertsozale pasatxo bildu ziren sei bertsolarien jarduna jarraitzeko.

Mendiluzek 760 puntu eskuratu zituen ariketa guztiak egin ondoren. Joanes Illarregi geratu zen bigarren, 729,5 punturekin, eta Aner Peritz hirugarren, 719 punturekin. Atzetik sailkatu ziren Julio Soto (696,5), Agin Laburu (695,5) eta Saioa Alkaiza (670).

Ander Aranburu Arriola aritu zen gai-emaile lanetan, eta zozketak zehaztutako ordenan igo ziren oholtzara sei bertsolariak.

Ariketa berriak bigarren itzulian

Finalaurrekoen bigarren itzuliarekin batera, bertsolariek egin beharreko ariketak aldatu dira. Donostiako saioan, hamarreko txikian, zortziko handian eta zortziko txikian aritu ziren ofiziotan. Horrez gain, hiru punturi erantzun zieten eta ganbarako lanean hiruna bertso osatu zituzten.

Zazpi lagunek osatu zuten epaimahaia: Ekaitz Elorriagak, Maialen Berrak, Zuhaitz Olazabalek, Leire Belokik, Iñigo Legorburuk, Jurgi Fuentesek eta Nerea Bruñok. Nerea Goñik eta Aratz Irazustabarrenak egin zituzten idazkari lanak.

Gasteizen eta Bilbon jokatuko dituzte hurrengo saioak

Bigarren itzuliko beste bi finalaurreko geratzen dira jokatzeko. Hurrengoa larunbatean, azaroaren 28an, izango da Gasteizen, eta azkena abenduaren 5ean Bilbon.

Zabaldu:

Utzi erantzuna