Bulegok zazpi kontzertu eskaini ditu egun bakarrean, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan

Urtebetez elkarrekin abestu gabe egon ondoren, jarraitzaileekin elkartu zen berriro taldea larunbatean, ‘Bulego Gertutik’ ekimenean. Urtarrilaren 12an kaleratuko duen amore disko berriaren aurretik egin du itzulera.

Bulego taldeak zazpi kontzertu eskaini zituen joan den larunbatean, azaroaren 21ean, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barrena. Bulego Gertutik ekimenaren bidez, 500 kilometro baino gehiago egin zituen taldeak, urtebetez elkarrekin abestu gabe egon ondoren jarraitzaileekin berriro elkartzeko.

Tom Lizarazu taldekideak bizitakoaren inguruko adierazpenak egin zituen: “Urtebete generaman gure jendearekin abestu gabe, eta gaur berriz gogoratu dugu zergatik egiten dugun musika. Geldialdi bakoitzean hainbeste lagun gure zain ikustea eta elkarrekin berriro abestea oso berezia izan da. Maitasun handia jaso dugu gaurko egunean”.

Disko berria urtarrilean

Bulego Gertutik ekimena taldeak azaroaren 9an abiatutako etapa berriaren parte da. Egun hartan Zugatik singlea argitaratu zuen, 2027ko urtarrilaren 12an kaleratuko duen amore diskoaren lehen aurrerapena.

Musika sortzeari eskainitako urtebeteko geldialdiaren ondoren, estudioko hirugarren lana aurkeztuko du Bulegok. Hamabost abestiz osatutako disko kontzeptuala izango da, eta maitasunaren fase desberdinak landuko ditu, erakarpenetik onarpenera.

Disko berriarekin batera, zuzeneko emanaldiei ere ekingo die berriro taldeak. Martxoaren 6an hasiko du bira, Bilboko Miribillan eskainiko duen kontzertuarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna