‘Sintaxi-kaiera. Euskararen analisi sintaktikoaren hastapenak’ liburua UEUk eta EHUk argitaratu dute elkarlanean. Unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago, eta kontzeptu teorikoak adibideekin eta ariketekin lantzen ditu.
Sergio Monforte del Valle eta Xabier Artiagoitia Beaskoetxea hizkuntzalariek Sintaxi-kaiera. Euskararen analisi sintaktikoaren hastapenak liburua argitaratu dute, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) arteko koedizioan. Euskaraz sintaxi teorikoa ikasteko material eguneratua eskaintzea eta ikasleei hizkuntzaren egitura sakonago ulertzeko tresnak ematea da lanaren helburua.
Egileek azaldu dutenez, sintaxi teorikoaren irakaskuntzan hutsune bat antzeman zuten. Euskaraz gaiari buruzko lanak bazeuden arren, batzuk zaharkituta zeudela eta beste batzuk hasiberrientzat teknikoegiak zirela iritzi zioten. Gainera, Gasteizko eta Baionako ikasleekin izandako hartu-emanetan materiala eguneratzeko beharra sumatu zuten. “Horrexegatik erabaki genuen gaur egungo unibertsitateko ikasleengan pentsatutako eskuliburu argia eta irakurterraza idaztea”, azaldu dute.
“Hizkuntza ez da bakarrik hitz, egitura eta arau multzo bat. Hori ez ezik, gure gogoaren parte den gaitasuna ere bada”, adierazi dute egileek. Haien ikuspegiaren arabera, sintaxiak hizkuntzaren egitura aztertzeaz gain, perpaus batzuk zergatik diren onargarriak eta beste batzuk zergatik ez diren ulertzen laguntzen du.
Hamar kapituluko ibilbidea
Liburua hamar kapitulutan antolatu dute, oinarrizko kontzeptuetatik hasi eta egitura konplexuagoetara iristeko. Lehen ataletan hizkuntza, gramatika eta sintagma-egitura lantzen dituzte. Ondoren, aditzaren egitura, denbora, aspektua, kasu-sistema eta ergatibitatea aztertzen dituzte.
Aurrerago, galderak, ezeztapena eta informazio-egitura jorratzen dituzte, baita izen-sintagmaren egitura, Uztardura Teoria eta kuantifikazio-egiturak ere.
Kontzeptu teorikoak modu ulergarrian azaltzeko, adibideak erabili dituzte liburuan zehar. Horrez gain, azken kapituluan izan ezik, laburpenak, ariketak eta sakontzeko irakurgaiak sartu dituzte. Glosario zabala ere gehitu dute, termino teknikoen kontsulta errazteko. Azken kapitulua, berriz, elkarrizketa eran idatzi dute, aurretik landutako ideia nagusiak berrikusteko.
Hizkuntzalaritzako eta filologiako ikasleentzat
Egileen esanetan, liburua unibertsitate-mailako hizkuntzalaritzako eta filologiako ikasleei dago zuzenduta batez ere. Hala ere, ohartarazi dute ez dela egokia hizkuntzalaritzaz ezer ez dakitenentzat, aldez aurretik oinarrizko kontzeptu batzuk ezagutzea beharrezkoa baita. Era berean, ez da alorreko adituei zuzendutako monografia teknikoa ere.
Monfortek eta Artiagoitiak adierazi dute, halaber, ez daudela seguru lortu duten, baina, “gramatika kontuetan eta adibideetan behintzat, saiatu egin gara mugaz alde bietako ikasleak aintzat hartzen”.
Sintaxi-kaiera. Euskararen analisi sintaktikoaren hastapenak liburua UEUren webgunean dago eskuragarri.