Anari, Mursego, Fermin Muguruza, Maialen Lujanbio eta Cris Lizarraga daude diskoan parte hartu dutenen artean. Taldeak ‘Arras!’ abestiaren bideoklipa ere aurkeztu du.
Gailu taldeak Arixkiriak Elkartu disko berria argitaratu du, hainbat musikari eta sortzaileren parte-hartzearekin. Zortzi abestik osatzen dute lana, horien artean azken urtean egindako bi kantu, gehigarri gisa sartu dituztena. 2000. urtean argitaratutako Kutxa Beltza diskoan bezala, lagun ugari bildu ditu taldeak lan berrian.
Gaur egun, Mikel Txopeitiak (bateria eta samplerrak), Okene Abregok (ahotsa) eta Hodei Estebanek (baxua eta kontrabaxua) osatzen dute Gailu. Disko berrian, ordea, taldeko kide izandako Xabier Olazabal Drakek (baxua) eta Mariano Hurtadok (baxua eta teklatuak) ere parte hartu dute.
Kolaborazio ugari bildu dituzte abestietan. Alfabeto zauritu bat kantuan Anari eta Mursego aritu dira, Palestinaren aldeko emergentziazko kantu batean. Eros abestian, berriz, Amets Etxeberriak jarri du ahotsa, K. Ttipiak idatzitako letrekin. Inpaktuaren aditua eta bere fogeo-pistola kantuan, Fermin Muguruzak eta Amets Etxeberriak parte hartu dute.
Unai Gaztelumendik idatzi ditu Ategorrietan Fisterra komikirako Nakar taldeko kideekin osatutako kantuaren hitzak. Diskoari izena ematen dion Arixkiriak Elkartu kantuan Juliusek jarri du ahotsa, eta Ezlekutu abestian Miren Arangurenek abestu du Okene Abregorekin batera.
Beste bi sortzaileren ekarpenak ere jaso ditu lanak. Hondar eta Kare kantuko hitzak Monsieur leCêpek, Juantxo Arakamak, idatzi ditu, eta berak abesten du. Diskoa ixten duen Arras! abestiaren hitzak, berriz, Maialen Lujanbiok egin ditu, eta bertan abesten du, Belako taldeko Cris Lizarragaren azpi-ahotsak lagun dituela.
‘Arras!’ bideoklipa eta zuzeneko emanaldiak
Duela gutxi, Arras! abestiaren bideoklipa ere kaleratu du Gailuk. Taldekideekin batera, Maialen Lujanbiok eta Cris Lizarragak parte hartu dute ikus-entzunezkoan. Lagunartean sortu eta editatutako lana YouTuben dago ikusgai.
Arixkiriak Elkartu 2026ko udan grabatu zuten Andoaingo Garate estudioetan, Martxel Arkarazo soinu teknikariaren gidaritzapean. Diskoaren diseinuaz Okene Abrego eta Hodei Esteban arduratu dira. Kutxa Beltza zigiluaren babesean argitaratu dute lana, Tristuraren Industriarekin autoeditatuta.
Zuzenekoei dagokienez, taldea azaroaren 28an Andoaingo gaztetxean ariko da, Naizpresidente taldearekin batera. Disko berriaren aurkezpen-emanaldiak, berriz, abenduaren amaieran hasiko ditu.