Idazleak normaltasunaren mugak zalantzan jartzen ditu eta eromenaren atzean dagoen subjektuaren ahotsa bilatzera gonbidatzen gaitu.
Zer da eromena? Non dago arrazoimenaren eta eromenaren arteko muga? Zer gertatzen da sufrimendua diagnostiko baten bidez azaldu nahi dugunean? Galdera horietatik abiatu da Garazi Muguruza Eromena. Esanezinetik abiatuz saiakera berrian, hizkuntzaren mugak arakatzeko eta ziurtzat ematen dugun hori zalantzan jartzeko.
Ez dagoela eromen bakar eta orokorrik da liburuaren abiapuntua, pertsona bakoitzak bere historia eta berezitasuna baititu. Norberaren singularitatea zaindu nahian, Muguruzak egungo diagnostikoen diskurtsoa auzitan jarri du, baita sendatzeko eta normalizatzeko beharraren inguruko kritika garatu ere. Horren aurrean, entzuketa proposatu du oinarri gisa: bestearen esperientzia norberaren eskemetara egokitu beharrean, haren lengoaia propioari arreta jartzea.
Esan nahiaren eta esanezinaren arteko dialektikan murgildu da egilea, subjektuaren eta gorputzaren nahiz hitzaren eta bulkadaren arteko harremanak landuz. Segregazioa, zaurgarritasuna, diskurtsoa eta zentzu poetikoa ere jorratu ditu, besteak beste. Hitzek gure errealitatea nola egituratzen duten aztertu du, baita hitzez adierazi ezin dena gorputzean, angustian edo isiltasunean nola ager daitekeen ere.
Aritz Galarraga editorearen arabera, “liburuak ez du sufrimendua idealizatzen, baina ez du akats edo desbideratze huts gisa tratatu nahi ere”. Erantzun itxiak eman ordez, Muguruzak konplexutasuna onartzera, ziurtasunak zalantzan jartzera eta ulertzen ez dugun horri ere tokia egitera gonbidatu du irakurlea.
Garazi Muguruza (Irun, 1985) psikologia sanitarioan lizentziatua da, eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan espezializatua. 2010az geroztik, prestakuntza lacandarrean parte hartu du, eta egun psikoanalista lacandar gisa dihardu praktika klinikoan.