54. Durangoko Azokako guneetan aurkezpenak egiteko deialdia zabalik

Sortzaileek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte irailaren 16tik urriaren 14ra.

Landako gunea Kulturaren plaza bihurtzen da urtero lau egunez, aurten abenduaren 5etik 8ra egingo du Durangoko Azokarekin, eta, horretarako aurkezpen, mahai-inguru, hitzaldi, emanaldi, tailer eta abarrez beteko diren zazpi gune izaten dira.

Edozein sortzailek izango du gune horietakoren batean bere proiektua aurkezteko aukera, horretarako, irailaren 16an urriaren 14ra bitartean bere proposamenak luzatu beharko ditu webgunearen bidez.

Hauek dira guneak:

 Areto Nagusia: Aurkezpenetako 20 minutuko tarteak egokitzen dira, eta azokako partaideek eta euskarazko ekoizpenek dute lehentasuna. Hala ere, beste proposamen bereziek ere izaten dute noizbehinka lekua.

Kabi@: Kultura digitalarekin zerikusia duten aurkezpenak eta ekitaldiak antolatzen dira. Egitarauaren zati bat aurrez definitzen da, baina proiektu zehatzak aurkezteko behar izaten den tartea ere egokitzen da.

Ahotsenea: Sortzaileen gunea da. Aurten, webgunean online egongo den formulario bidez bakarrik jasoko dira eskariak. Ahotsenea bi gunetan banatzen denez, bi formulario berezitu egongo dira, solasaldiak eta kontzertuak:

  • Ahotsenea Solasaldiak: Euskarazko literatura lanak aurkezteko gunea da eta 20-30 minutuko aurkezpenak egiteko aukera dute sortzaileek.
  • Ahotsenea Zuzenekoak: Landakogunearen alboan, karpapean egokitzen den gunea da. Euskarazko lanak aurkezteko musika kontzertu laburrak dira, 20-30 minutukoak.

Szenatokia: San Agustin kultur gunea da bere kokalekua, oinezko bidean Landakogunetik 5 minutura dago, hain zuzen ere. Antzokia da eta euskarazko antzezlanek edota arte eszenikoekin zerikusia izan dezaketen proposamenek osatzen dute egitaraua. Dena den, aurrez definituta dago egitaraua da eta ez da gune honetarako deialdirik zabaltzen.

Irudienea: Landakogunetik 100 metrora dago, Durangoko Zine Zugazan. Euskarazko ikus-entzunezkoak erakusteko gunea da eta aurkezten den ikus-entzunezkoaren emanaldia baino lehen, 10-15 minutuko azalpen laburra egiteko tartea izaten da.

Saguganbara: Landakogunearen ondoan, Elkartegia eraikinaren hall eta aretoan du kokalekua. Haur eta gazte arloan, arte diziplina ezberdinetako sormen lanak ezagutzera emateko gunea da, beraz, denbora tarteak disziplinetara egokitzen dira.

Plateruena: Landako gune ondoko antzokia da. Azoka egunetan, egunez taberna zerbitzua eta gauetan kontzertu luzeak eskaintzen ditu. Ez da aurkezpenetarako deialdirik zabaltzen, antzokiko arduradunek ohiko bideetatik programatzen dute eta ordaindutako kontzertuak dira.

Informazio gehiagorako: komunikazioa@durangokoazoka.eus / 660 716 097

Zabaldu: