Mintzapraktika egitasmoan izena emateko epea zabalik da

Gaur egun mintzalagunen sarea 6.000 pertsonek elikatzen dute 22 herrialdetan.

Zabalik da Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen Mintzapraktika egitasmoaren izen-emateak. TÚtik GUra. Ongi etorri Mintzalagunon Mundura! lelopean, salto egiteko gonbidapena luzatzen diete euskaltzale guztiei, “euskaraz lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean aritzeko”.

Euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko edota euskaraz gozatzeko, arrazoi ezberdinak medio, gaur egun 6.000 lagun baino gehiagok hartzen dute parte egitasmoan 22 herrialdetan eta aurtenn kopuru hori igotzeko asmoa dutela iragarri du Euskaltzaleen Topaguneak.

Mintzapraktika bospasei laguneko taldetan elkartuta egiten da eta parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Topagunearen arabera, “mintzalagunen komunitatea ez da soilik elkarrekin euskaraz hitz egiteko tartea, baizik eta esperientziaz, bizipenez eta emozioez osoturiko mundu zabal bat”. Denek dute amankomuneko helburu bat, aisialdian euskaraz gozatzea, baina denborak aurrera egin ahala hizkuntzaz haratago doazen beste emozio eta bizipen batzuekin egiten dute topo mintzalagunek.

Egitasmoan izena emateko aukera eta informazioa herri edo eskualdeko euskara elkartean, euskaltegian, Udalean edo www.mintzalaguna.eus webgunean dago eskura.

Zabaldu: