‘Begiz jotako koplak’ liburua aurkeztuko dute Manex Agirrek eta Alex Mendikutek

Aramaion ateratako argazkiz eta bertsoz osatutako bilduma da.

Alex Mendikute argazkilariak eta Manex Agirre bertsolariak landu dute Begiz jotako koplak liburua eta beraiek egingo dute aurkezpena. Azaldu dutenez, 100 argazki inguru biltzen ditu Mendikutek liburuan, Aramaion ateratakoak 2010 eta 2017 artean eta denetan ageri dira herritarrak; batzuetan bakarka, beste batzuetan lagunduta edo taldean… zuri-beltzean. Manex Agirrek, berriz, irudi horietako bakoitzari bertso bat jarri dio, kasuan kasu neurri ezberdinekoa. Uztartzeko moduak baina, lan apur bat izan duela dio: “bertsoak idazterako orduan, distantzia jartzea garrantzitsua izan da”. Horren ondorioz, pertsonari edo pertsonei buruzkoak baino, irudiei buruzkoak dira egindako bertsoak.

Beraz, liburuak bi «irakurraldi» merezi ditu: lehenengoa, argazkiak ikusteko, eta, ondoren, bertsoez lagunduta, argazkiak berrikusteko. Azken finean, bertsoek argazkiei egindako begirada konkretu bat eskaintzen dute.

Liburuaren ideia Mendikuterena izan zen. Aipatutako urte tartean ateratako argazki kopuru itzela hartu, eta bien artean aukeraketa bat egin zuten, hainbat irizpideren arabera (bertsoak jartzeko egokiak diren ala ez erabakitzea, irudien arteko oreka zaintzea, bertan agertzen diren herritarrak ez errepikatzea…). Gero, aukeratutako argazkietako protagonistei baimena eskatu, eta bertsoak sortzeko prozesua hasi zen.  Argazki bakoitzari ideia bat “apurtu”, garatu, osatu…

Liburua oso lokala dela diote, “argazkietan agertzen direnak ezagutzen dituenak gozatuko du gehien. Hala ere, herritik kanpora ere interes apur bat badu, beso zabalik hartuko dugu…”

Sastiñako festibalaren barruan egingo da liburuaren aurkezpena, bihar, irailak 20, arratsaldeko 19:30ean. Bertan salgai jarriko dutela iragarri dute. Salmentako dirua Aita Mari ontziarendako izango da

Zabaldu: