'Las niñas bien' filma proiektatuko dute urriaren 14an

Emakumeek Zuzendutako Zinema erakustaldia urriaren 14tik 21era, Bilbon

Zinemakumeak Gara! zikloaren  24. edizioan film labur, luze, hitzaldi eta mahai inguruen hautaketa indartsua izango dela iragarri dute.

Aurtengo edizioan azken olde feministan jarriko da arreta, emakumeen kontrako erasoen aurrean, eta aldarrikapen feministak oinarri, mobilizazio jendetsuak egin dira azkenaldi honetan. Olatu horrek Martxoaren 8ko greba eta manifestazioetan jo zuen goia.

Jaialdiaren helburua emakumeek egindako zinema ezagutaraztea eta hedatzea da. Astelehenean, urriaren 14an, emango diote hasiera, Bilboko BBK aretoan Alejandra Marquezen Las niñas bien filmarekin eta ondoren, Maite Larrauri filosofo eta idazle feministaren laguntzarekin, zikloko lehenengo mahai ingurua egingo da Clara Serra, Aixa de la Cruz eta Maria Murrekin. Moderatzaile lanetan Virginia Yagüe izango da. Beren talaiatik, emakumeek ikus-entzunezkoen munduan bizi duten errealitatea azalduko dute.

Hilaren 15etik 21era lehiaketan parte hartuko duten gainerako filmak proiektatuko dituzte, guztiak arratsaldez. Hauek dira pelikuletako batzuk: The Crossing, Seder-Masochism, Pause, My Favorite Fabric, De nuevo otra vez, La camarista eta Elvira Luz Cruz, pena máxima.

Bestalde, Ana Diez zuzendari eta gidoigilea Ezezagunak sailean izar gonbidatua izango dela iragarri dute antolatzaileek. Elvira Luz Cruz, pena máxima dokumentala aurkeztuko du eta babesa emango dio Itziar Leemans, Estibaliz Urresola eta Tamara Lucarini film laburren egileek egindako lanen erakusketari.

La camarista filmaren proiekzioaren ostean, Isabel Otxoa, Itziar Gandarias eta Susana Carramiñanak osatuko duten mahai ingurua egongo da.

Aintzane Rincon EHUko irakasleak  bere aldetik, Begirada kritikorako hastapen tailerra eskainiko du eta Xprest! film laburren Jaialdiaren VIII. Edizioak zinemagintzarako talentu berriak “denbora errekorrean” topatzeko aukera emango du .

Bilboko lehiaketak bestalde, Simone de Beauvoir saria emango dio Puy Oria zinema ekoizleari.

Zabaldu: