Hainbat teknika nahasten dituzten obrek Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegiko gelak partekatuko dituzte Urriaren 4tik Azaroaren 1era bitartean.
Bost urte pasatu dira Itzal Aktiboa arte garaikidearen hedapenaren aldeko artisten kolektiboak GaztEkaitza aurrenekoz antolatu zuenetik eta garai hartan elkartu zituen sortzaileen lanak berriro ere bildu nahi izan ditu, bost urte horietan zein bide hartu duten, zein aldaketa, eraldaketa… “beren barneko ekaitzak eta gaitzak” zertan diren erakusteko asmoz. Sortzaile horiek dira: Viviane Michel (Milafranga), Beatrice Elso (Itsasu), Muriel Platero (Baiona) eta If (Uztaritze).
Tintazko marrazkiek, teknika ezberdinak nahasten dituzten obrek (tinta, olioa, kolaketa…), akrilikozkoek eta burdinezko eskulturek Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegiko gelak partekatuko dituzte Urriaren 4tik Azaroaren 1era bitartean goizeko 11:00etik 12:30era eta arratsaldeko 14:30etik 18:30era.
Viviane Michel
Zuzenean barne-barnean hunkitzen zaituzten obrak dira Michel-enak kolektiboarentzat. “Bere sorkuntza bakoitza historia intimo bat da, zentzumenen eta norberaren ezagupenerako bidean urrats bat”. Milafrangarrak zorrotz eta trinko lan egiten du. “Ofiziale baten antzera ari da inausten, ehuntzen, marrazten, lotzen… esku ttipiekin bat-batekotasuna, arintasuna eta lan luzea uztartuz”. Bere baratze berezia osatzen doa, sentikor, teknika ezberdinak (marrazkia, joskera, foto-grabaketa, ehuntzea…) ohiko bideetatik desbideratuz, bere mitologiara egokituz.
Michel-ek aztarnak ereiten ditu bere narrazio espazioan ingurumena eta natura inspirazio iturri izanik, horretarako landareak eta loreak, animaliak, gorputza eta objektuak sentimenduak iradokitzeko sinbolo bezala baliatuz. “Kanpoko mundua eta barneko unibertsoa graziaz eta lotsaz uztartzen ditu adierazpide espresibo eta narrazio hunkigarriaren bidez.
Beatrice Elso
Elso-k bere aldetik, oso poetikoa den eta keinu espresionista oso gordina duen unibertso onirikoa garatzen du etengabean. Marrazkia da, ezinbestez, itsasuarraren gorputz hizkuntza. Marra monolito bat sortzen du esku hutsez, amaiera fantastiko batera eraman arte. “Bitxia, likitsa, arina, fantasiazkoa, ametsezko jokoaren etengabeko berritzea…”.
Erabat garaikidea den Elso-ren hizkuntzan kanpoan bizitako, giro bortitz eta goxoko, haurtzaro baten zantzu ludikoak aurki daitezke.
Muriel Platero
Modu figuratiboan ikuspuntu desberdinetatik gizakia ikertzen saiatzen da Platero, “gizakia animaliarengandik bereizten duen muga xerkatuz, bere pentsamenduak eta sentipenak aipatuz, bere gorputza hurbiletik aztertuz”.
Margotzen dituen pertsonaiak sufritzen edo postura txarrean ageri dira gehienetan, itxurakeriatik urrun, benetan direnetik hurbilduko balira bezala. Erantzunak baino, galderak dakartza baionarrak.
iF
Uztariztarrak askatasunaren gai unibertsala hartu du ardatz. Ezkutatu beharreko maitasun eta gorputzak loriatzetik (Arrak eta Garrak, 2011) Mundu Librea deitzen zaionaren kontraesanak agerian uzten hasi zen Isilduak seriearekin (2012tik). “Mundu Librea dei daiteke gerra oinarri duen ekonomia duena, edota herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituena?” Horrela, giza kondizioa lokarri ikusezinekin lotutako gorpu(tz)ekin irudikatu du.
Orain, Isilduei lekukoa hartu die Hirisilduak serieak. Hirisilduek askatasunaren alor zehatzago batera garamatzate: lurralde antolaketara, hirigintzara.