‘Gasteiztarrak Arraun The World’ erakusketa azaroaren 3ra bitartean ikusgai

Maroko, Argentina, Vietman eta Bielorrusiako argazkiak izango dira koadroetan, eta munduko beste hamaika tokitako argazkiak ikusteko aukera ere izango da pantaila digitaletan. Bost kontinentetako argazkiak ikusteko aukera egongo da.

Gasteiztarrak Arraun the World 2019 lehiaketan saritutako argazkien erakusketa azaroaren 3ra bitartean egongo da ikusgai, Montehermoso Kulturunean (Jovellanos aretoan).

Maroko, Argentina, Vietman eta Bielorrusiako argazkiak izango dira koadroetan, eta munduko beste hamaika tokitako argazkiak ikusteko aukera ere izango da pantaila digital batzuetan. Bost kontinentetako argazkiak ikusteko aukera egongo da, beraz.

Erakusketaz gain, argazkietan jasotako bidaien aurkezpen publikoak egingo dira urrian zehar. Gaur esaterako, 19:00etan, Ania Fernandez de Ganboaren eskutik, Bidaia Argentinan izango da Zabalgana Gizarte Etxean. Asteazkenean, hilak 23, Alicia Jimenez eta Diego Gomezen eskutik, Hmong beltzak Koxka tabernan. Urriaren 27an, Aitor Salazarren Memento bat Bielorrusian Orient Express tabernan eta 28an, Idoia Ugalderen Kaosean ordena Dazz tabernan.

Guztira 15 lan aurkeztu dira lehiaketara, 300 argazki inguru. Antolatzaileen arabera, epaimahaiak ez du lan makala izan saridunak aukeratzerako orduan. Gasteizko euskalgintzako elkarte desberdinetako kideek (Zabalganako Euskara Taldea, Sarburu elkartea, Gauekoak, Zizta Euskara Taldea eta GEU elkartea) osatu dute epaimahaia.

Erakusketa asteartetik larunbatera egongo da zabalik 11:0etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Igandeetan berriz, 11:00etatik14:00etara.

Egitasmoa Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak Elkarteen Federazioak antolatzen du urtero.

Zabaldu: