Aurten lehenengo aldiz, Dantza eta Antzerki Laburren Jaialdia izango da Durangoko Azokako Szenatokia gunean

Egitarauak Kukai Dantza taldeko Erritu ikuskizuna ere jasotzen du abenduaren 6an.

Durangoko Azokako 54. edizioa abenduaren 5etik 8ra bitartean izango da, eta kulturaren plazako lantaldea buru-belarri ari da aurtengo egitaraua eta nobedade nagusiak prestatzen.

Szenatokia guneak esaterako, prest du jada aurtengo eskaintza eta lau egunez, arte eszenikoak San Agustin kulturguneko protagonistak izango dira. Egitarauak osagai nagusi bi izango ditu; Kukai Dantza taldearen Erritu lana alde batetik, eta, bestetik, bi eguneko iraupena izango duen Dantza eta Antzerki Laburren Jaialdia.

Erritu abenduaren 6an taularatuko da, 19:00etatik aurrera. Jon Mayak gidatutako taldearen arabera, euren azken obra hau “bizi-bidaia bat da, bizitzako etapak zeharkatzen dituen erritua, naturarekin eta komunitatearekin loturik. Etapa horiek jaiotzetik kaoseraino doaz, bakardadearen basamortuan barrena, harik eta topaketara, maitasunera eta, azkenik, heriotzera iritsi arte”. Kukaik ibilbide luzea egina du, eta azken urteetan hainbat sari eskuratu ditu: besteak beste, Max Saria ikuskizun onenarentzat, 2017. urtean.

Larunbat eta igandean, abenduaren 7an eta 8an hain zuzen ere, oso ekimen berezia ospatuko da Szenatokian. Lehenengo aldiz Dantza eta Antzerki Laburren Jaialdia antolatuko da, Euskal Herriko 10 konpainiaren eskutik. Bi egunetan, 30 emanaldi baino gehiago egingo dituzte (talde bakoitzak bizpahiru emanaldi egingo ditu ordutegi ezberdinetan), San Agustin Kulturguneko hainbat espaziotan. Eszenatokian egiteaz gain, horren ohikoak ez diren espazioetan ere emanaldiak egingo dituzte: bulegoetan, sarreran, ganbaran… “Ekimen bitxia eta sorpresaz jositakoa” izango dela iragarri dute Durangoko Azokako arduradunek.

Izenak esaten duen bezala, Jaialdia antzerki arinek edo dantza pieza txikiek osatuko dute. Besteak beste, honako taldeek parte hartuko dute: Gilkitxaro, Cia Paganini, Haatik, Abarka, Goitibera eta abar. Goizeko 11:00etan hasita, egun osoan zehar pieza bakoitza birritan edo hirutan ikusteko aukera egongo da. Ikusleak aukeratu beharko du zein ordutan ikusi nahi duen obra bakoitza, eta bere egitarau propioa osatu.

Antzerki Laburren Jaialdirako sarrera debalde izango da. Erriturako berriz, 10 euroan eskuratu ahal izango dira San Agustin Kulturgunean (7’5 euro bazkideentzat).

Zabaldu: