Euskal Literaturan itzulpengintza gutxietsita dagoela uste du Anjel Lertxundik (Orio, 1948). Kezka horretatik abiatuta ondu du Itzuliz usu begiak saiakera, itzulpenaren aldarrikapena egiteko xedearekin, hain zuzen ere.
Hasiera batean ez zuen gaiari buruzko libururik plazaratzeko asmorik, Ibon Sarasolak Bitakora kaierak liburua irakurri eta kezka bertsuak zituela konturatu zen arte. Lertxundik urteetan pilatutako oharrak, tartean itzulpengintzari buruzkoak zituen, horiek aukeratu, egokitu eta Itzuliz usu begiak (Alberdania) saiakeran bildu ditu.
Hasierako asmoa baina, euskal literaturaren sisteman itzulpengintzaren aldarrikapena egitea izan da, izan ere, Lertxundirentzat edozein literatura sistemak hiru hanka nagusi ditu: idazlea, itzultzailea eta irakurlea, eta horietatik itzulpengintza da gutxitzat jotzen dena. Itzulpena alor guztietan dagoela nabarmendu du idazleak, “administrazioan, burokrazian, hedabideetan…”, baina beti ez da itzulpen txukuna eta bere ustez, euskarak kalitatezko itzulpengintza behar du. “Itzulpenik gabe, beste hizkuntza bat dugu, ez euskara, literatura unibertsalaren munduan ibiltzeko bidaide. Itzulpenik gabe, beste hizkuntza batetik hartzen ditugu literatura unibertsalaren testuak eta erreferentzia historikoak, beste hizkuntza batean bilatzen ditugu berrikuntzak ere. Itzulpenik gabe, beste hizkuntza batetik jasotzen ditugu munduak munduaz esandakoak, beste hizkuntza batean asetzen dugu gure egarri kultural noranahikoaren guztiz gehiena. Argi dago, ezinago argi: itzulpen faltak ondorio latzak dakarzkio euskal sistema literariori eta euskarari”.
Hari batetik tiraka, euskara batua, euskalkiak, haur literatura, unibertsitatea, irakurzaletasuna… ere izan ditu gogoetarako gai liburuan. Eduki guztiak ordena alfabetikoan ordenatu ditu Lertxundik.