Abenduaren 8an estreinatuko dute obra Basauriko Sozial Anztokian eta bizitzaren ikuspegi alternatibo bat aurkeztea du helburu.
Atx Teatroa buru-belarri aritu da lanean azken hilabeteetan Kaskarot izeneko ikuskizuna prestatzen eta dagoeneko badu estreinatze data: abenduaren 8an Basauriko Sozial Antzokian.
Ezberdina izatearen aurreko beldurra, lehenengo harremanen lotsak eta “ni naizen hori” homonormatibitatearen aurrean defendatzea bezalako gaiak azaleratuko dira, familia guztiari zuzendutako ikuskizun honetan. Gartxon Unsainek idatzi du gidoia eta Maryse Urruty, Natxo Montero, Jon Koldo Vázquez eta Unsain bera ikusiko ditugu taula gainean Atx Teatroaren zuzendaritzapean.
Umeak inozentziaren iturri izanda, gauzei beste modu batean begiratzeak aurrera egiten laguntzea aldarrikatu nahi du Atx Teatroak obra honekin, “hala hausten direlako hain errotuta ditugun aurreiritzi eta indar guztiak”, azaldu dute. Biziak jarritako erronka bati ohiko tresnekin erantzun beharrean, kolore berriak aurkeztea da xedea. “Funtsean, ohiko korronteetatik aldentzearen onurak” nabarmendu dute, eta, “gauzen izatea norbere begiek osatzen dutela adierazi, betiere, gure gizartea gobernatzen duten botere eta joera ezkor horiek agerian utziz”.
Taula gainean, agure batek istorio bat kontatuko du. Aner gizarte distopiko batean bizi da eta bertan, dantzatzea debekatuta dago. Protagonistari izugarri gustatzen zaio dantzatzea eta horrek arazo larriak sortzen dizkio. Kaskarot Anerren alter egoa da. Bere azkartasun eta zentzuaren bidez, Anerri erakutsiko dio bere egoerari buelta ematen eta arauen aurrean bere adierazpen askatasuna lehenesten.