[BIDEOA] ‘Zugzwang’ disko berria kaleratu du Willis Drummond taldeak

Lan berriarekin batera, Lehentasuna izeneko aurrerapen kantua eta bideoklipa aurkeztu du Baionako hirukoak.

Jurgi Ekizak (ahotsa, gitarra), Xan Bidegainek (baxua) eta Felix Buffek (bateria) osatzen duten taldeak seigarren estudioko lana plazaratu du gaur, Zugzwang izenpean. Hamar kantuz osatuta, benetako artisau lana dela nabarmendu du Bidegainek Bilboko Kafe Antzokian egin duten aurkezpenean. “Aurreko diskoekin konparatuz, sortze prozesua nahiko desberdina izan da, Felixek (Buff) entseguetan landu ditugun kantuen oinarri mordoa ekarri zituen”.

Willis Drummond taldeak patxadaz hartu du diskoaren sortze prozesua, aurreko lanekin, astean behin geratzen ziren entseatzeko, orain berriz, “eguneroko bizitzatik urruntzeko eta gure musikan sakontzeko tarteak hartu ditugu”, azaldu du baxu jotzaileak. Johannes Buffekin batera grabatu du hirukoak lan berria, “berarekin aukeratu genituen diskoan sartu ditugun abestiak eta azkenean lauron artean berriz landu genituen kantuak”. Baionako musikariek inprobisaziorako lekurik utzi ez duten arren, grabatzerako unean askatasun osoz aritu direla aitortu dute.

Hirukoak sortu duen diskorik landuena dela diote, “Johannesekin lan egitea familian bezala lan egitea izan delako, bakoitzak bere lan txikia eginez eta giro onean”.

Kantuei dagokienez, aurretik letrak sortu eta horien gainean melodiak sartu dituztela azaldu du Ekizak.

Diskoan jorratu dituzten gaiak taldekideen bizitzen isla direla aipatu du Buffek, “ia denok dakigu garai gazi-gozo batean bizi garela, maila sozial edo ekologikoan. Aurreko lanekin konparatuta, oraingoan abesti sozialagoak egiten saiatu direla nabarmendu du taldeak, “gure artean egunerokotasuna duten gai askori buruz hitz egiten genuen, feminismoa, etxebizitzaren arazoa…”, dio Ekizak. “Alde batetik gauzak salatu nahi genituen eta bestetik, presio orokor hori kanpora ateratzeko, idazteko beharra nuen”.

Lehentasuna da, Zugzwang disko berriaren aurrerapen kantua.

Zabaldu: