(argazkia: txalaparta.eus)

Nafarroako III. Argitalpen Azoka asteazkenean abiatuko da, Iruñean

Denetara Nafarroako 21 argitaletxek, diskoetxek eta erakundek beren ekoizpena erakutsiko dute, eta liburu, disko eta bestelako euskarriak salgai jarriko dituzte azoka honetan, Iruñean, azaroaren 20tik 24ra bitartean.

Duela bi urte egin zuten aurreneko edizioa, Geltokin, Nafarroako Arteen 948 Merkatuarekin bat eginez. Iaz, Sarasate Pasealekura aldatu zen azoka, eta aurten ere leku berean egingo dela iragarri dute antolatzaileek.

Ekimenaren bidez, Nafarroako argitaletxeek eta diskoetxeek bertan argitaratzen duten funtsari ikusgarritasuna eman nahi da. Hala, urtean behin, behintzat, herritarrek eskura izango dute horien ekoizpen osoa, ez baita horretarako aukera handirik egoten.

Horretaz gain, Nafarroako gaien erakustazoka bat ere bada, tokiko historia, kultura, etnografia, artea, ekonomia, gizartea, kirola eta abar biltzen dituzten liburuak egongo dira bertan, “gure errealitate hurbilaren adierazle. Orobat izan nahi du nafar autoreentzako oholtza, beren lana ikusarazteko aukera izango baitute”, azaldu du antolakuntzak.

Hilaren 20an, asteazkena, irekiko ditu ateak 18:30ean. Azokaren ordutegia 10.30tik 14.00etara eta 16.30tik 20:30era izango da.

Horrela, ekitaldi honek ematen dituen aukerez baliatuta, Nafarroako Editore Independenteen Elkarteak solasaldi sorta bat antolatu du. Bertan, edizioaren eta kulturaren munduko aditu eta arituak mintzatuko dira, “edizio independenteari balioa eman nahian, horixe baita askotariko argitalpenak sortzeko oinarrizko ardatza”.

Zabaldu: