[BIDEOA] Bihar abiatuko da euskarazko filmak hedatzeko Zinegin jaialdia, Hazparnen

Super 8 eta soinu grabaketa tailerrak izango dira aurtengo nobedadeak.

Ipar Euskal Herrian euskal zinemaren erakusleihoa izateko helburuarekin, udazken honetan ere Hazparneko Zinegin festibala antolatu dute Eihartzea kultur etxeak eta Ttattola gaztetxeak elkarlanean. Jaialdiaren 8. edizioa hilaren 21etik 24ra egingo dute aurten.

Josu Martinezek zuzendutako Anti filmak emango dio hasiera egitarauari bihar, hilak 21. 1921eko neguan kokatuta, Fratziaren alde lau urtez fronteetan borrokan aritu ostean, soldadu joandako herritarrak Nafarroa Behereko Bizkarsoro herrixkara itzuli dira. Parisetik bestalde, maistra bat heldu da herrira. Bertako haurrek baina, euskaraz baino ez dute egiten, maistrak berriz, frantsesez bakarrik. Filmaz gain, aurretik, Ainize Madariagak hizkuntza zapalkuntzari eta debekuei buruzko ikerketaz mintzatuko da.

Ostiralean eta igandean berriz, Telmo Esnalek zuzendutako Dantza filma proiektatuko dute Hazparnen hirugarrenez. Hilaren 22an bestalde, film laburrak ere ikusteko aukera egongo da eta Rouge Elea konpainiak Zuek ikuskizuna eskainiko du 22.30ean.

Larunbatean berriz, haurren txanda izango da Teresa eta Galtzagorri marrazki bizidunekin. Arratsaldeko 15.30ean berriz, 80ko hamarkadari buruzko atzera begirakoa izango da Ikuska film sortarekin. Euskal zinema zer izan litekeen eta garaiko Euskal Herriaren erradiografia erakusten dute. Ondoren, Lou. Dantzan Jo ta Ke, Oinak lehertu nahian dokumentala eta Bi txirula filma proiektatuko dute.

Guzti horietaz gain, Gau absurdoa izeneko ekimena antolatu dute aurten lehehengo aldiz, Ttattola gaztetxean. Bertan, Napardeath filma eta Big Boy dokumentala eskainiko dituzte. Paseko Txoria eta Soinujolaren semea filmak ere ikusgai egongo dira egun horretan.

48 orduko KliKlap, dantza poteo, zine kontzertu eta filmeen proiekzioez gain. Aurten lehen aldiz Super 8 eta soinu grabaketa tailerrak izango dira azaroaren 23an, goizeko 10:00etatik aurrera. Lehenak Super 8 bobinekin filmatzeko aukera emango du eta baita filma errebelatzeko ere. Bigarrenean, Radiokulturarekin soinua grabatzen eta muntatzen ikasiko dute parte hartzaileek.

Tailerretan parte hartu nahi duenak zinegin@gmail.com helbidera idatzita eman beharko du izena edota honako formularioa betez.

(Bideoa: Zinegin)

Zabaldu: