Jasota Bezala bildumaren baitan argitaratu du Lankuk Houston, arazotxo bat daukagu izeneko “harribitxia”. Bildumaren laugarren argitalpen honek bertso saio oso bat jasotzen du. Aurreko hirurak berriz bertsolarien antologiak izan ziren.
Hogei urte joan dira 1999ko abenduaren 28an Hernanin Joxerra Garziak Andoni Egaña bertsotan jarri zuela. Aurretik baina, gai jartzaileak enkargu berezi bat jaso zuen Hernaniko Iraulio Pantalone Bertso Kabiyatik; saio desberdina egin nahi zuten, esperimentala, bertsolari bakar batekin saio oso bat, alegia. Garziak baiezkoa eman zuen eta bertsolariari hainbat egoera jarri zizkion. Egaña bakar-bakarrik aritu zen gai horietan guztietan kantuan. “Saio bitxia bezain gogoangarria”, izan zela dio Lankuk. “Ez da alferrik Inuzente Eguna Hego Euskal Herrian”. Hala, saio hura berreskuratu nahi izan dute orain, eta Jasota bezala bildumaren baitan eman dute argitara.
Orain arte bertso antologiak plazaratu ditu Lankuk Jasota Bezala bilduman, Houston, arazotxo bat daukagu argitalpena berriz, bertso saio oso bat da eta CDan eta liburuxka batez lagunduta argitaratu du. Garzia eta Egañaren hitzaurreak, saioko transkripzioak eta Malen Amenabarren ilustrazioak jaso dituzte bertan.
Xenpelar Dokumentazino Zentroaren laguntza ezinbestekoa izan du Lankuk orain dala 20 urteko bertso saio honen grabazioa berreskuratzeko. Han gordetzen dute bertsolaritzaren artxiborik zabalena, besteak beste, grabazioak, argazkiak, prentsa-txatalak eta argitalpenak.