Ate irekiera 10:30ean izango da Landako Gunean, eta goiz osoan zehar Euskal Herri osoko ikasleek Azokak antolatu dituen tailerretan parte hartuko dute.
Ordu batzuk baino ez dira falta Durangoko Azokako 54. edizioa hasteko, eta Landako gunean muntaketa-lanekin amaitzen ari dira dagoeneko. Bihartik hasita eta abenduaren 8ra arte, kulturzaleek 200 ekitaldiz osatutako egitarauaz gozatu ahal izango dute, Azokako zazpi guneetan. Landako Gunean 264 erakusleiho izango dituzte, 405 nobedaderekin: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari eta abar.
Urtero bezala, Landako Guneko ordutegia 10:30etik 20:00ak arte izango da. Bihar, lehenengo eguna izanik, ate-irekiera ekitaldia 10:15ean izango da, Landako etorbideko atean. Bertan, Arymux artistak, zeinu-hizkuntzan egindako ikuskizun laburra egingo du, eta berak irekiko ditu Landako Guneko ateak, Durangoko Azokako 54. edizioari hasiera emanez.
Landako Guneko ateak zabaldu eta azken urteetan bezalaxe, milaka ikaslek Durangoko Azokako zazpi guneak leporaino beteko dituzte. Euskal Herri osoko ikastetxeak gerturatuko dira Durangora: Agoitz, Portugalete, Usurbil, Ziburu, Sodupe, Bera, Kanbo, Lartzabale, Trapagaran, Durana, Oion, Mutriku, Otsagabia eta abar.
Goiz osoan zehar, ikasleek disziplina ezberdinetako tailerretan parte hartzeko aukera izango dute: Enkarguz tailerra Ahotsenean (Andoni Egaña, Alberto de Abajo eta Xabier Zabalarekin); Liburu bat egingo dut tailerra Areto Nagusian (Euskal Editoreen Elkarteak antolatuta); Soinu efektuak zinemagintzan Irudienean (Pixelatuk eta Zineuskadik antolatuta), Moon konputagailu baten funtzionamendua ulertzeko mahai jolasa Kabi@n; euskal kantagintzaren transmisioa Plateruenan (Luhartz taldearekin); Hitzik gabe gelditu ziren ipuinak Saguganbaran; antzerkia sortzeko lehenengo urratsak Szenatokian (Karrika antzerki taldearen eskutik); kaligrafia tailerra (Arte eta Historia Museoan) eta kaligrama tailerra (Durangoko Bizenta Mogel Liburutegian).
Aldi berean, Musika Eskolan, DA! PRO egitasmoa antolatuko da lehenengo aldiz, musikari, programatzaile eta diskoetxeen arteko topagunea, hain zuzen. 17 musika taldek aurkezpenak egingo dituzte musika-industriako kideen aurrean, 10:00etatik 13:00ak arte. Ekimen hau Musika Bulegoarekin elkarlanean egingo da.
Behin Ikasle Goiza amaituta, Azoka bere ohiko egitarauarekin hasiko da. Ahotseneako zuzenekoen karpan, Mockers, La Basu, Oreka Tx, Iñorkiñak, Xabi Bandini, Xatiro, Willis Drummond eta Sharon Stoner taldeak arituko dira. Solasaldien gunean, bere aldetik, sortzaile ugarik parte hartuko dute: Yolanda Arrieta, Asel Luzarraga, Iñigo Astiz, Maite Mutuberria, Felipe Juaristi, Mikel Markez, Miren Agur Meabe eta abar.
Areto Nagusian lehenengo aurkezpenekin hasiko dira 13:30etik aurrera, eta hainbat gai jorratuko dituzte: Kikarakada proiektua, EuskarAbentura 2020, Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak, Alex Txikon mendizalearen Mundu bat motxilan eta abar.
Irudienean Ipar Euskal Herriko ekoizpenak izango dira protagonista: Hiru uhinak dokumentala, Ito fikziozko film labur kolektiboa, Tantaka websaila… Kabi@n proiektu oso interesgarri bi aurkeztuko dira: ZUT aldizkari digital multimedia eta IXA websaila alde batetik; eta bestetik Hirikilabs egitasmoa.
Saguganbaran, areto handian oso aurkezpen ezberdinak egongo dira: Xapoketan karta-jokoa, Xaxardi haurrentzako ipuinaren aurkezpena, Kokojoko bideo-jokoa eta abar.
54DAko inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da, Musika Eskolan. Oparitarako izeneko ekitaldia Kepa Errasti aktoreak gidatuko du.
Eguna Plateruenan amaituko da En Tol Sarmiento taldearen zuzenekoarekin.