Hamabi gutun idatzi dizkiote elkarri otsailetik uztailera, batak euskaraz eta besteak Scots hizkuntzan, hartzaileak ulertu ahal izateko bakoitzaren hizkuntzara itzuli direnak.
Iban Zaldua euskal idazleak eta James Robertson idazle eskoziarrak ‘Chejov vs Shakespeare’ izeneko ekimenean hartu dute parte aurten, Etxepare Euskal Institutuak sustatu duen Scotland Goes Basque ekimenaren baitan. Hainbat gutun bidali dizkiote elkarri, eta proiektu horren emaitza liburu batean bildu dute. Lana paper formatuan argitaratzeaz gain, hemen ere eskura daiteke.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan du sorburua ‘Chejov vs Shakespeare’ egitasmoak, eta Etxeparek 2019an Eskozian sustatu duen kultur programarako berreskuratu du. Kultura eta hizkuntza ezberdinetan jarduten duten bi idazleren arteko gutun bidezko elkarrizketa bideratzea da egitasmoaren helburua; eta, testuingurura ekarriz, euskal idazle bat eta eskoziar bat hautatu zituzten oraingoan.
Iban Zalduak eta James Robertsonek hamabi gutun idatzi dizkiote elkarri otsailetik uztailera, batak euskaraz eta besteak Scots hizkuntzan, hartzaileak ulertu ahal izateko bakoitzaren hizkuntzara itzuli direnak. Haietan Europa, identitatea, hizkuntza eta literatura izan dituzte hizpide, eta elkarrizketa horren emaitza Edinburgh International Book Festival jaialdian eman zen aditzera abuztuan, bi idazleak bildu zituen ekimenean. Egitasmoak itzulerako bidea egin zuen Euskal Herrira udazkenean, Donostiako Literaktum jaialdian ere elkartu baitziren bi idazleak, bizipenari buruz hitz egiteko.
Orain, ostera, gutun bidezko elkarrizketa hori liburu batean jaso du Erein argitaletxeak, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Lau hizkuntzatan irakur daiteke: euskaraz, scots-eraz, gazteleraz eta ingelesez.