‘Ene Ba!’ antzezlana estreinatuko dute gaur Andoainen

Asier Sota, Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Joxe Kruz Gurrutxaga eta Alazne Etxeberria dira komedia honen protagonistak, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean.

Txalo konpainiaren eskutik, Ene ba! helduentzako antzezlana estreinatuko dute gaur Andoaingo Bastero kulturgunean, arratsaldeko 20:30ean. Begoña Bilbaoren gidaritzapean bost aktore ikusiko ditugu afari baten bueltan: Asier Sota, Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Joxe Kruz Gurrutxaga eta Alazne Etxeberria.

Bixente dugu istorio honen protagonista, bera eta Ana, bikotekidea, guraso izango dira eta ospatzeko, koinatuaren etxean afari bat egitea erabaki dute familiako beste lagun batekin batera. Ana, baina, berandu iritsiko da ospakizunera.

Afaltzen hasi baino lehen, ama zain daudela, aitatasunak sortzen dituen poztasun eta aldarte onak izango dituzte hizpide, ume jaioberriari jarri behar dioten izena ezagutzera emango duen arte. “Egundoko kalapita sortuko du izena berak eta eztabaidaren suak bildutakoak erreko ditu, etxeko giroa erabat gaiztotu arte… Ene bada! Trumoi hotsak eta txinpartak, baina guztia umore ikuspegi batetik atonduta”, azaldu dute.

Ene ba! antzerki obrak bi bertsio ditu: Matthieu Delaprte eta Alexandre de La Patellière antzerkigileek sortutako Le Prenom, 2010ean estreinatu zuten Parisen, eta Jordi Galceran antzerkigile katalandarrak moldatutako El Nombre izenekoa. Txalo konpaniak bigarrena aukeratu du taularatzeko orduan eta horretarako, Martin Agirrek gidoia euskarara ekarri du.

Zabaldu: