Pello Mari Otaño ikerketa beka aurkeztuko du Kilometroak egitasmoak asteazkenean

Deialdiaren eta bekaren berri Amasa-Villabonako Subijana etxean egingo duten agerraldian emango dute, otsailaren 5ean 13:00etan.

Kilometroak egitasmoaren barruan beste berrikuntza bat izango da aurten: Pello Mari Otaño ikerketa beka. Mintzola Ahozko Lantegiarekin elkarlanean eta Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Teodoro Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin antolatu du egitasmoa Kilometroak egitasmoak. Deialdiaren eta bekaren berri Amasa-Villabonako Subijana etxean egingo duten agerraldian emango dute, otsailaren 5ean 13:00etan.

Bertan hartuko dute parte: deialdia sustatuko duten Kilometroak egitasmoko eta Mintzola Ahozko Lantegiko ordezkariek, Mikel Egibarrek eta Beñat Gaztelumendik, hurrenez hurren; baita deialdia babesten duten Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako eta Teodoro Hernandorena Kultur Elkarteko ordezkariek ere, Nerea Zumeagak eta Joxin Azkuek. “Erakundeok elkarlanean garatutako deialdiaren inguruko xehetasunak aurkezpenean bertan emango ditugu”, iragarri dute.

Otaño Zizurkilen jaio zen, 1857ko urtarrilaren 26an; eta Argentinan, Rosarion, hil zen 1910eko maiatzaren 6an. Bertsolaria eta idazlea izan zen eta batez ere bertso paperengatik egin zen ezagun (ez zuen jendaurrean kantatzen, eztarri arazoak zituelako), baina poesia ere landu zuen. Gaur egun oraindik oso ezagunak dira Ameriketatik bidaltzen zituen bertso paperak. Otañoren bertsoen ezaugarri nagusietako bat lirismoa da; izan ere, herriaren izpiritua inoiz baztertu ez bazuen ere, haren bertsoek sarritan poesia landuaren balioa dute.

Zabaldu: