Igande honetan hasi eta hilaren 15era arte luzatuko da jaialdia, Donostian.
Realak eta Donostia Kulturak antolatuta, futbola eta kultura uztartuko dituzte, hilaren 9tik 15era Donostian izango den Korner, Kultura & Futbol Festibalaren hirugarren edizioan.
Donostia Kulturak azaldu duenez, jaialdiak “sorkuntza sustatzearen aldeko apustu sendoa egin du berriro ere kulturaren eta futbolaren artean zubiak ezartzen dituzten hainbat proiekturekin”.
Hala, igandean, otsailaren 9an, 14:00etan, Reale Arenan jokatuko den Realaren eta Athleticen arteko partida dela eta, Antzoki Zaharrean egingo den Bertso Derbiaren hitzaurretzat, jaialdiak bi bakarrizketa programatu ditu, bereziki ekitaldirako sortuak, eta umorez landuko dute futbolaren eta bertsolaritzaren arteko pikea. Zuhaitz Gurrutxaga emanaldi horietako baten egilea eta antzezlea. Onintza Enbeitak bere aldetik, bi ahotsetarako bakarrizketa idatzi du Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairentzat.
Aipatzekoa da, baita ere, Donostia Kulturarekin koprodukzioan eta Korner jaialdiarentzako espreski sortua izan den Borobil Teatroaren antzezlan berri baten estreinaldia: El Txiringo. Anartz Zuazuak zuzendua eta Joseba Apaolazak, Asier Hormazak eta Asier Sotak antzeztua (duela urte batzuk Jokoz kanpo ikuskizuna sortu zuen lan talde horrek), egungo kirol solasaldien parodia da El Txiringo.
Kornerren ekoizpena da baita ere Etxe txuri-urdinak erakusketa, MBR Erakusketak eta Koma enpresek diseinatua Realaren Museoaren laguntzarekin. Erakusketak ibilbide bat proposatzen du Realaren joko zelaietan zehar, XX. mendearen hasieratik gaur egunera arte, azkenean gauzatu ez ziren proiektuak ere ahaztu gabe.
Kornerren hirugarren edizio honek eztabaidak, zinema eta literatura ere eskainiko ditu. Talentua bikaintasunera nola iristen den aztertu, futbolaren eta poesiaren arteko harremanez hitz egin eta Txillida Leku bisitatuko da, Realeko atezaina ere izan zen artista donostiarraren obran futbolak izan duen eragina gogoratzeko. Hain zuzen ere, “atezainaren irudia, agian futboleko poetikoena eta literarioena, izango da hainbat jardueretako ildo nagusia aurtengo edizioan, publiko guztientzat pentsatutako programa batean kulturako eta futboleko izen nabarmenak bilduko dituena”, diote antolatzaileek.
Jaialdiko jarduera guztiak, El Txiringo obra izan ezik, doakoak dira. Txillida Lekun programatutako jardueran beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
Informazio guztia eta egitaraua hemen.