Isiltasunean ezkutatutako misterioez gainezka egiten duen eleberria

Euskaraz, galegoz, katalanez eta gaztelaniaz, lau hizkuntzatan aldi berean argitaratu da Francisco Castro idazle galizarraren Isiltasun urte luzeak eleberria. Euskarazko bertsioa Mitxel Muruak itzuli du eta Alberdania argitaletxearen eskutik ikusi du argia.

Garai iluna da Francisco Castro idazle galizarrak plazaratu duen Isiltasun urte luzeak eleberriak arakatzen duena. Goiz-albako “paseoak”, bide bazterretan tiroka hildakoak, satorraren bizimodura kondenatutakoak. Baina, baita aldaketa, iraultza eta bizitza hobe bat ekarri nahi zituzten amets eta utopien garaia ere. Halaxe zen, esaterako, Galizako Flaviako Pazoan, 1936ko uztailaren 18an gerra hasi zen arte. Batzuek mendekurako baliatu zuten gerrak ekarritako nahasmendua, eta horietako batek aztarna dramatikoa utzi zuen: sei hilotz hobi komun batean.

Idazleak azaldu duenez, “ertz ugari duen historia poliedriko bat” eraiki behar zuela argi ikusi zuen. Lehen-lehenik, bi indarkeria modu zeharo ezberdinak ageri dira: “Anxelak bere senarrarengandik jasan duen indarkeria matxista, batetik, eta gerra zibilaren hastapenetan Galizan, beste leku askotan bezala, pairatu zuten mendeku itsuarekin lotutakoa, bestetik. Horrekin batera, narrazioan gertakizun tragiko berari buruz inplikatu bakoitzak duen begiratzeko era zeharo ezberdina ere islatu nahi izan dut”.

Egileak gorrotoak betiko desagerrarazi nahi izan zituen biktima haiei hitza eman nahi izan die, “horrela ikasi nuen hilobiratu guztiak ez direla lurpean betiko geratzen, azken garaiotan, hilobi komunak irekitzen ari diren honetan, egiaztatzen ari garenez, zorionez”. Hasiera-hasieratik oso modu intimoan inplikatua sentitu zen, ezinbestez, “horregatik atera zait pasioz blaituriko kontakizun bat, bortizkeriatik edertasuna ateratzen ahalegintzen dena, isiltasunean ezkutatutako misterioez gainezka egiten duena”.

Castrok 1936tik gure egunetara datorren bidaia baten bidez, faxismoak garaiak eta mugak nola gainditu dituen agerian utzi nahi izan du.

Estilo aldetik, oso eleberri ausarta dela nabarmendu du Muruak, “hainbat plano ezberdinetan kontatzen zaigu narrazioa, eta zorrotz kontrolatu behar izan du egileak plano horietako bakoitzean zer eta nola kontatzen den, irakurlea behar eroso eramateko historia korapilotsuan zehar”.

Jorge Gimenez Alberdaniako editoreak bere aldetik, Castroren eleberriak memoria demokratikoa berreskuratzeko ahaleginari egiten dion ekarria goraipatu nahi izan du, “Kontua ez da fikzio eta kronikaren arteko mugei buruzko eztabaida antzu batean galtzea. Kontua da fikzioak zer nolako aportazioa egin diezaiokeen kontakizun historikoari, hainbeste urtez debekatu eta isilarazitako memoria hori berreskuratzeko lanaren ikuspegitik”.

Alberdaniak idazlearen beste bi liburu argitaratu ditu, aurretik, euskaraz, biak gazteentzako eleberriak: Sinbad deitzen zidan eta Iridium. Castrok, bestalde, Galaxia argitaletxe galizarra zuzentzen du gaur egun, eta Galizako irrati-telebista publikoan iritzi emailea da.

Zabaldu: