Anarik, Itxaro Bordak, Ibon RG-k eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboak parte hartuko dute zikloan, besteak beste.
14 urte dira Bilboko Euskararen Etxea sortu zutela eta egun, eraberritze prozesu batean murgilduta dago. Eraberritze horren emaitza da, hain zuzen, aurkeztu dituzten hainbat nobedade.
Hasteko, Euskararen Etxeak bere ordutegia handitu du, “leiho zabalago bat euskara sustatzen ari diren eragileentzat”, nabarmendu du Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Acasusok. Euskararen inguruan diharduten eragileek, hain zuzen, aukera handiagoa izango dute Euskararen Etxean dauden lau aretoak erabiltzeko, besteak beste, jardunaldiak antolatzeko eta aurkezpenak edo batzarrak egiteko.
Horrekin batera, Euskararen Etxean dagoen euskararen Interpretazio Zentroko Eskola Programa ere berritu da.
Euskararen Etxeak, halaber, Hi(ZKI)bridoak izeneko zikloa abiatuko du otsailetik maiatzera bitartean; kultur egitarau horrek literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako zuzeneko ekitaldiak biltzen ditu; Anarik, Itxaro Bordak, Ibon RG-k eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboak parte hartuko dute, besteak beste. Ekimenean hainbat eragilek parte hartu dute: Booktegi, Lanku eta Loraldia.
Bost ekitaldi biltzen ditu eta hiru estreinuak izango: Muga Anfetamiña Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa; Habiak, Anariren lan homonimoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa, Anari taldeak zuzenekoa joko du; eta azkenik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak aurkeztuko duen Orainminean ikuskizuna, artea eta bertsolaritza batzen dituen bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat.
Lehenengo ekitaldia otsailaren 27an egingo da, Buztinezko etorkizuna, Itxaro Borda irakurketan, Ibon RG musikan Booktegirekin lankidetzan. Hi(ZKI)bridoak zikloak bosgarren ekitaldi bat ere jasoko du, bertso saio literarioa: Mari Luz Esteban, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza.
Katixa Agirre
Azkenik, eta Booktegik antolatuta, ostegunean, Katixa Agirrek Festa gonbidatua ipuin bildumaren solasaldi emanaldia egingo du. Booktegik halaber, liburu hori argitaratuko du egun berean bere plataforman. “Agirrek ipuinetako bat bizpahiru zatitan irakurriko du; etenaldietan, idazle edo kazetari batek galderak egingo dizkio Katixari; bukaeran, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute”. Ekitaldia 19:30ean hasiko da eta irekia da. Booktegik beste hiru ekitaldi onduko ditu Euskararen Etxean.