Ekai Lersundi trans gaztearen istorioa jasotzen duen film laburra aurkeztu dute

Mi pequeño gran samurai filmean, Arantza Ibarra zuzendari ondarrutarrak Ekai Lersundi trans gaztearen istorioa jasotzen du, hainbat testigantza eta bizipenen bidez. Dokumentalaren helburua Ekai gogoratzea eta trans pertsonen borroka aldarrikatzea da.

Datorren otsailaren 24an hasiko da Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren 17. edizioa, Arriaga Antzokian egingo den hasiera ekitaldiarekin. Bertan, Mi pequeño gran samurai dokumental laburra estreinatuko da, 2018an bere buruaz beste eginda hil zen Ondarroako gazte trans gaztearen istorioa biltzen duen lana.

Bilborock aretoak hartu du gaur dokumentala aurkezteko prentsaurrekoa, eta bertan izan dira Arantza Ibarra film laburraren zuzendaria, Izaskun Arandia ekoizlea, Ana Martinez eta Elaxar Lersundi (Ekairen ama eta aita) eta Zinegoak jaialdiko arduradunak.

Arantza Ibarrak azpimarratu du obraren helburua ahalik eta jende gehienari laguntzea dela: “Ez dugu nahi gai honengatik heriotza gehiago egotea. Dokumental honekin ahal den guztia aldarrikatu, ikusarazi, normalizatu eta babestu nahi dugu, mugak apurtzen jarraitu nahi dugu”. Ibarrak azpimarratu duen bezala, “Lersundik eta Martinezek euren semearen alde borroka egiten dute, eta beraiek bezala, euren egoera berean dauden guraso gehiago daude. Eurentzat lagungarria izatea espero dugu, bakarrik sentitu ez daitezen”.

Zuzendaria ere Ondarroakoa da, eta, beraz, gertutik ezagutzen du Ekairen istorioa. “Ideia horrela sortu zen: jakin izan nuen nire herriko lagun batzuek semea galdu zutela suizidioaren ondorioz, berak bizi zuen borroka etengabearen ondorioz. Gizarteak ipintzen zizkion traba eta arazo guztiei aurre egin behar izan zien. Ideia horrek etengabe astintzen ninduen barruan, eta zerbait egiteko beharra sentitzen nuen. Hain inpotentzia indartsuarekin sentitzen nintzen, atera beharra nuela, eta bera bezala sentituko zirenei lagundu, ahal den neurrian”.

21 minutuko iraupena duen dokumentalean, Lersundi eta Martinezen testigantzak jaso dituzte, baita Naizen elkarteko (adingabe transexualen familien elkartea) eta Ondarroako hainbat bizilagunen testigantzak ere. Film laburraren zatirik handiena 2019ko otsailaren 15eko asteburuan grabatu zen, Ekairen omenezko egunean, hil eta urtebetera.

Zuzendariak zein gurasoek euren herriaren babesa eskertu nahi izan dute: “Ondarroa irauli egin zen hasieratik. Hilabete batzuk eman genituen dokumentala egiteko dirua biltzen eta jendeak asko lagundu zigun. Eskerrak eman nahi dizkiogu bere ekarpena egin duen jende guztiari: gurekin lan eginez, ekarpen ekonomikoa eginez…”.

Ibarra pozik eta hunkituta agertu da Mi pequeño gran samurai-ren estreinaldia Zinegoak jaialdiaren inaugurazio ekitaldian egingo delako: “Lersundik eta Martinezek ez dute oraindik dokumentala ikusi. Erabaki dugu film laburra ikusten duten lehen aldia Arriaga Antzokiko pantaila handian izatea, euren senide eta lagunen babesarekin”.

Otsailaren 24an izango da hasiera ekitaldia, 20:00etan, Arriaga Antzokian eta Mi pequeño gran samurai filmaren proiekzioaz gain, Pepa San Martin zuzendari txiletarrak Zinegoak 2020 Ohorezko Saria jasoko du, eta Dorian Wood artistaren emanaldia ere izango da.

Zabaldu: