‘Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari’ ikuskizuna aurkeztu du Loraldiak

Martxoaren 10ean ikuskizunaren aurre estreinaldia izango da Urretxun. Hurrengo egunean, martxoaren 11an, eta Loraldia Festibalaren baitan, Bilboko Arriaga Antzokian egingo dute estreinaldia.

Loraldia Kultur Elkarteak Loraldia Festibalaren seigarren edizioaren baitan proposatuko duen lehengo ikuskizuna aurkeztu du gaur, prentsaurrekoan: Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari kontzertu eszenikoa.

Tanttaka teatroak ikuskizun honen zuzendaritza artistikoaren ardura hartu du; Demode Quartetek zuzendaritza musikala eta Loraldia Kultur Elkarteak ekoizpena diseinatu du eta komunikazioaz arduratu da.

Iparragirre. Bihotzeko Jose Marik Urretxun izango du aurre estreinaldia martxoaren 10ean. Hurrengo egunean, martxoaren 11an, Bilbora egingo du jauzia eta Arriaga Antzokian egingo da estreinaldia, Loraldia Festibalaren baitan.

Proposamen artistikoari dagokionez, arte eszenikoen eremuan kokatu dute ikuskizuna. Antzezlanean bertan kontzertu bat eskainiko da, Iparragirreren ekarpen musikala erdigunean kokatuko baitute. Bardoaren kantak moldaketa garaikidearen bidez aurkeztuko dira. Izan ere, antolatzaileen arabera, Iparragirrek hamaika kanta bikain sortu zituen, “horietako asko oraindik kantatzen dira”. Horrez gain, batzuk ereserki bihurtu dira. Beraz, arlo musikalak leku nabarmena izango du.

Dramaturgiari dagokionez, Iparragirreren bizitzan nabarmendu ziren emakumeak bilduko dituzte eta sormenaren protagonistak (ama, emaztea, Parisen ezagutu zuen sopranoa, Manuela, alabak…) izango dira. Emakume hauek Iparragirreren bizipenak ekarriko dituzte gogora eta euren begirada eskainiko dute, XIX. mendeko gizartea (gerra karlistak, emigrazioa, euskaltasuna…) islatuz.

Bestalde, emakumeek Iparragirreri bidalitako eskutitzek osatuko dute aktoreen testua. Fikziozko eskutitzak izango dira eta idazki guztien artean Urretxuko bardoaren bizitzaren puzzlea osatuko da. Hiru emakume izango dira aktore-kantari lanetan: Joli Pascualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarain. Iparragirreren aulkian, berriz, Angel Unzu gitarra-jotzailea izango da.

Aktoreek Iparragirreri bidalitako eskutitzak irakurriko dituzte eta baita bardoaren kantuak abestu ere.

Eskutitzen testuak idazteko ardura berriz, Aizpea Goenagak, Arantza Iturbek eta Iñigo Legorburuk hartu dute.

Ikuskizuna Euskal Herriko beste leku batzuetara zabaltzea nahi dute antolatzaileek.

Zabaldu: