Bilboko Gutun Zuria jaialdia bueltan da

Martxoaren 31tik apirilaren 4ra egingo da jaialdia, Orri zurirako gutun zuria lemapean.

BilbokoAlondegiak Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdia hartuko du hilaren 31tik apirilaren 4ra, Orri zurirako gutun zuria lemapean. Jaialdiak bigarren urtez jarraian, hitza jorratuko du literatura sistematik haratago, liburuetako orrialdeen muga gaindituz, eta musika, artea, ahotsa, argitalpena edo ilustrazioa bezalako diziplinekin elkarrizketa sortuz.

Oraingo honetan, denbora errealeko saiakera kolektibo gisa proposatzen da topaketa, normaltasunaren itxurapean gizartean izaten ari diren eraldaketen ertz desberdinetara hurbiltzeko, hainbat euskarritatik. Gutun Zurian, saiakerari buruz egingo dute hausnarketa, literatura genero gisa duen izaeratik harago joz, kultura-prozesutzat, pentsamendu garaikidetzat eta, azken batean, kulturan jarduteko eredutzat hartuta.

Hori guztia, uste sendo batetik abiatuta azaldu dute antolatzaileek: “saiakerak egitea ez da literatura genero baten edo lanbide baten gai esklusiboa, baizik eta jarrera baten ondorioa, besteak beste, zirriborroa, planoa, arloko entrenamendua eta laborategiko esperimentua barnean hartzen dituen jarrerarena. Azken batean, pianoa afinatzeko edo labana zorrozteko ekintzaren antzekoa den bilbea”.

Hala, jaialdia zabalik dagoen testu gisa proiektatuko da, gai hauek hizpide hartuta: Big Data eta feminismoa, duintasunaren eta duintasun ezaren aurpegi ugariak, artea praktika eta diskurtso gisa, trap-aren filosofia milleniala, mutazio betean dagoen euskal literaturaren eredugarritasuna eta argazki finkoa, transkulturala eta transexuala, fikzioa eta egia, testua eta gorputza.

Hartara, antolatzaileen arabera, saiakeraren esperimentazioaren hazia sartuko da Alondegiaren programazioan eta Programa Proiektuaren ildo estrategikoetan: gorputzak, teknologia eta hiria.

Zabaldu: