‘Pessoa eta Sarrionandia Casa do Fadon’ ikuskizuna aurkeztu dute Bilbon

Emanaldia martxoaren 18an izango da Bilboko Itsas Museoan, Loraldia Festibalaren barruan.

Loraldiak Pessoa eta Sarrionandia Casa do Fadon izeneko ikuskizuna aurkeztu du gaur,  prentsaurrekoan. Joseba Sarrionandia eta Fernando Pessoa idazleen ibilbide literarioek bat egin zuten une bat irudikatuko dute taula gainean, Erika Olaizola eta Ainhoa Alberdi aktoreek.

Hala, Loraldia Kultur Elkartearen enkarguz, Mikel Antzak jarriko dio berba ikuskizunari eta Lisboako Diana Villarinho fadogile gaztea arituko da kantuan. Hortaz, literatura, antzerkia eta musika uztartuko ditu ekitaldi berezi honek.

1984an Joseba Sarrionandiak Fernando Pessoaren O Marineiro kuadro bakar bateko drama estatikoa antzerki obra itzuli zuen eta urtebete beranduago, Antzaren zuzendaritzapean, Luar antzerki taldeak taularatu zuen.

Abiapuntu horrekin, Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia izeneko pieza txiki bat idatzi du Antzak. Antzezlan honetan, iraganerako eta ametsen mundurako bidaia baten bidez, Pessoa, Sarrionandia eta Antza beraren arteko harremanaren ezusteko ikuspegi berri bat agertuko da.

Antolatzaileen arabera, “antzezlan honetan errealitatea eta literatura txirikordatzen dira eta gertakariak eta amets idatziak etorkizunaren igarle bihurtuko dira”. Hori guztia, Marinela obrako hiru dontzeila-zaintzaileetako biren eskutik jasoko da oholtza gainean. Izan ere, bi baino ez baitira egongo agertokian, hirugarrenaren aulki hutsaren ondoan. Jadanik ez dagoenaren ausentzia fadoaren tristeziaz betetzeko eta haren ametsak are presenteago agerian uzteko.

Zaintzari bi hauek, ondo bereiztutako bi mailatan aipu literarioak eta gertaera historikoak eta, Marinela-n agertzen diren amets eta hausnarketa poetikoak eskainiko dituzte.

Emanaldia martxoaren 18an izango da Bilboko Itsas Museoan.

Zabaldu: