Karmele Jaio eta Bernardo Atxaga dira 2019ko 111 Akademiaren Sariko finalistak

Akademiakideek  Jaioren Aitaren etxea eta Atxagaren Etxeak eta hilobiak lanen artean hautatu beharko dute sariduna.

2019. urteko 111 Akademiaren Saria nori eman erabakitzeko 111 Akademiak bigarren bozketa txanda amaitu berri du, martxoaren 6an martxan jarri eta hilaren azkenera arte zabalik eduki duena. Hala, bigarren botazio txandan Karmele Jaioren eleberria izan da boto gehien jaso dituena, baina ez du bigarren txandan saridun izendatzeko behar duen botoen %40a eskuratu. Gauzak horrela, Gasteizko idazlearen lana eta bigarren sailkatutako Atxagaren Etxeak eta hilobiak pasatu dira finalera. Gauzak ondo bidean, Akademiak apirilaren amaieran 2019ko 111 Akademiaren Saria ezagutzera emango du.

Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan eta Itxaro Bordaren Susmaezinak izan dira lehian bigarren txanda horretan, Jaioren eleberriarekin lehenengo bueltan boto gehien jaso duten bost obrak, alegia.

Akademiakideek Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa eleberria izendatu zuten 2018ko libururik onena. Lasarteko idazleak lortu zituen boto gehien 2019ko urtarrila eta apirila bitartean egindako hiru txandetan eta Katixa Agirreren Amek ez dute eleberria izan zuen lehiakide azken bueltan.

2018ko 111 Akademiaren Sariarekin Harkaitz Canok bi sari eskuratu ditu jada, aurrekoa 2011. urtean irabazi zuen Twist eleberriagatik. Ur Apalategi, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria dira irakurleen sari hau birritan irabazi duten beste idazleak.

Zabaldu: