(Argazkia: 'Ipuinaren ordua', Saioa Aizpurua)

#DKEtxean programazioa aste honetarako

Greba digitalak markatuta dator astea, izan ere, Euskal Herriko hainbat eta hainbat sortzailek bat egingo dute hilaren 21ean eta 22an izango den kulturaren itzalaldi digitalarekin.

#DKEtxean programazioaren laugarren astean, eduki kultural berriekin itzuliko da Donostia Kultura, agenda birtual honetarako artistek eta tokiko sortzaileek propio sortutakoak. Hala ere, greba digitalak markatuta dator astea, izan ere, Euskal Herriko hainbat eta hainbat sortzailek bat egingo dute hilaren 21ean eta 22an izango den kulturaren itzalaldi digitalarekin.

Apirilaren 23a bestalde, asteko egun handia izango dela iragarri du Donostia Kulturak. Liburuaren Nazioarteko Eguna dugu, beraz, programazio berezia jasotzen du agendak datorren asteazkenerako.

Hauxe da apirilaren 20tik 26ra bitarteko egitaraua.

Antzokian Etxean programan,  Amaia Lizarralde (Diario de una prueba), Ainara Ortega (Maitasuna), Noa VD & Sergio Villar ( Spread your swings) eta Elena Setien (Concierto desde casa) izango ditugu. Emanaldi guztiak ostegunetik igandera izango dira arratsaldeko 19:00etan. Hemengo artista eta sortzaileek beren ikuskizunen edota sorkuntza berrien pilulak eskainiko dituzte formatu berri honetan. Kontzertuak, bakarrizketak, koreografiak… dira, 5 eta 15 minutu artekoak.

DK Etxean Koadernoak bere aldetik, Donostiako idazleen kontakizun labur argitaragabeak eskainiko ditu. Eguneroko eskaintza da, astelehenetik ostiralera, eta eguerdiko 12:00etan egiten da. Astelehenean Harkaitz Cano (Elurraren zehatza) hasiko da; ostegunean, berriz,  Ana Malagon (Hau ere pasako da) eta ostiralean,  Beñat Sarasola (Apnea).

Xabier Etxanizek eta Oier Guillanek berriz, (Ohean, ezen ez balkoian eta Butger lanekin, hurrenez hurren) datorren astean erakutsiko dituzte beren idatziak, kulturaren itzalaldi digitalarekin bat egingo baitute.

DK Etxean Koadernoa: Euskal ilustratzaileen sorkuntza-lanak erakusteko lerroari dagokionez,  gaur bertan Rebeka Elizegi izango dugu (AhalDudalakoEtxeanGeratzenNaiz, #YoQuePuedoMeQuedoEnCasa) eta ondoren, Mikel Casal (Liburuaren Eguna). Ane Pikazak eta Marcos Navarrok itzalaldi digitalarekin bat egingo dute hilaren 21ean eta 22an, eta bere lanak aurrerago erakutsiko dituzte. Ane Pikazaren kasuan (Kaiola) ostiral honetan bertan; Marcos Navarroren kasuan (Besarkada), datorren astelehenean. Ilustrazioak egunero agertzen dira, astelehenetik ostiralera, 13:00etan.

Eta hona hemen haur txikiak dituzten Donostiako familia askorentzat itxialdian dagoeneko ohiko bihurtu den hitzordua: Ipuinaren ordua, zeinak ehunka haur biltzen baititu egunero telebista aurrean (Youtube bidez) edo sakelako zein ordenagailuen inguruan (Donostia Kulturaren Instagram edo Facebook bidez). Programa hori egunero izaten da, 16:00etan, eta familia guztiarentzako ipuin bat eskaintzen du, gehienetan euskaraz, salbu eta igandeetan, egun horretan ipuina gaztelaniaz kontatzen baita. Larunbatetan, gainera, zeinuen hizkuntzan ematen da. Aste honetan, honako hauek izango ditugu: Izaskun Mujika (Kokodrilo txikia), Lur Usabiaga (Oscar adarbakarra y Kattagorriak haserre), Amaia Puin (Loreren borobiltxoak), Saioa Aizpurua (Puntutxoa), Lur Korta / Bego Gonzalez (Erraldoiaren hiru ileak) eta Izaskun Mujika (Arboles en el camino).

Gainera, Larrotxene Bideok (Larrotxene K.E.) eduki birtualak eskaintzen ditu. Asteartean, hilak 21, Adobe After Effects-i buruzko online ikastaroarekin jarraituko dute, edukien inportazioa landuz. Ostegunean, hilak 23, geruzak aztertuko dira, ikastaro berean. Eta ostiralean, azkenik, zuzeneko saioetako bat. El rey film laburra ikusi eta Ingalaterran dagoen errealizadorearekin hitz egiteko aukera egongo da, modu digitalean.

San Telmo Museoaren #STMKuttunak ekimeneko pieza jineta ezpata izango da, museoaren bilduman balio eta tradizio handia duen pieza bat. Ezpata hispano-arabiar bat da, 1940an dohaintzan jasoa eta iaz zaharberritu eta ikertu zena. Zaharberritze prozesuarekin osatu zen Miaka ikerketa koadernoen ale bat, eta ikerketekin jarraitzen dute ezpatari buruzko zehaztasun gehiago ezagutzeko.

Zabaldu: