Peru Galbetek ‘Nor zara zu?’ izeneko hirugarren lan luzea argitaratu du

Oraingoz formatu digitalean eskuratu ahal izango da lan berria, baina egoerak baimentzen duenean formatu fisikoan ere kaleratuko duela iragarri du musikariak.

Peru Galbetek azken hiru urteetan, Usurbil, Urretxu eta Uharte artean idatzi eta grabatutako hamar kanturen bilduma plazaratu du, Nor zara zu? izenpean. Usurbilgo musikariak Uharten egin du nahasketa konfinamenduan zehar, eta diskoa garai hauetan hitzak baino zerbait gehiago partekatzeko beharretik argitaratu duela adierazi du. Hala ere, kontziente da sortzaile guztiak ez dutela egoera honetan arteari eskaintzeko denboraz eta baita kulturaren sektoreak bizi duen krisiaz ere.

Egoerak baimentzen duenean lan berria formatu fisikoan ere kaleratuko du musikariak.

Peru Galbete Donostian jaio zen 1987an. Usurbildarra izatez, Uharten bizi da gaur egun. Bilbon Argazki zuzendaritza ikasketak burutu zituen eta, ondoren, zinema eta bideogintza lanak musikarekin uztartzen aritu da. 2015ean Edinburgoko musika eskolan ikasi eta bere bakarkako proiektuari ekin zion. 2016an Peru izeneko lehen diskoa argitaratu zuen, eta urtebete geroago, egonaldi artistiko bat egin zuen Bolivian, Comunidad Inti Wara Yassi animalia basatien aldeko erakundearekin. Bertako basoan sortu eta grabatu zituen 13 kantuz osatutako Voces de la Selva proiektu boluntarioa.

Gaur egun, Mukuru kolektiboaren parte da Galbete eta Hatxe taldean ere badabil. Idoia Hernandez piano jotzaileak gidatzen duen taldeak Panpin hautsien dantza lana argitaratu zuen otsailean eta laukote moduan hasia zen kontzertuak eskaintzen.

 

Zabaldu: