Ilustratzaileak: Paula Estevez

#DKEtxean programazioa aste honetarako

Deskonfinamenduarekin bat eginez, #DKEtxean etapa maiatzaren 10ean amaitutzat emango duela jakinarazi du Donostia Kulturak. Horretarako, etxetik kontsumitzeko propio sortutako online programazio berezia sortu du. “Kultura handi egingo dugu, astea ikuskizun, kontakizun, ilustrazio, arte, elkarrizketa eta abarrez ondo beteta baitator”.

Hauxe da aste honetako egitaraua, maiatzaren 4tik 10era bitartekoa.

Antzokian Etxean programa eszenikoan dugun asteko lehen zita maiatzaren 7an izango da: Martxelo Rubio eta Sandra Ferrus (Stopman). Aste bukaeran NODE Kultur Elkartea, El Negro eta Niña Coyote y Chico Tornado izango ditugu.

DK Etxean Koadernoak bere aldetik, Donostiako idazleen kontakizun labur argitaragabeak eskainiko ditu. Eguneroko eskaintza da, astelehenetik ostiralera, eta eguerdiko 12:00etan egiten da. Yolanda Arrieta (1-2), Iñigo Aranbarri (Armairua), Juan Manuel Uria (Amable Arias), Patxi Zubizarreta (Trena eta zu) eta Ander Izagirre (El mundo empezará de nuevo) idazleek osatzen dute asteko eskaintza

DK Etxean Koadernoa: Euskal ilustratzaileen sorkuntza-lanak erakusteko lerroari dagokionez, gaurtik hasita ondorengo artisten lanak izango ditugu: Arantza Sestayo (Magia ezkutatzen denean), Elena Odriozola (Udaberria), Maite Gurrutxaga (Hartu arnasa), Asier Iturralde Gaston (Konfinamendu estiloak) eta Paula Estevez (Kulturak ere zaintzen gaitu). Ilustrazioak egunero plazaratzen dira, astelehenetik ostiralera, 13:00etan.

Horretaz gain, Larrotxene Bideok eduki birtualak eskaintzen ditu. Hilaren 5ean eta 7an Adobe After Effects-i buruzko online ikastaroarekin jarraituko da. Hilaren 8an, Larroetxean Zuzenean, Herriwatch, izurritearen zaindariak bideo biralen saga ikusi eta Aitor Ormaetxea, Jone Ibarretxe, Paula Brezo eta Mikel Abasolo sortzaileekin hitz egin ahal izango da Twitch bidez (jarduera hori Youtube bidez kontsultatu ahal izango da gero, eta kanalean harpidetza egitea gomendatzen da).

Eta hona hemen haur txikiak dituzten Donostiako familia askorentzat itxialdian dagoeneko ohiko bihurtu den hitzordua: Ipuinaren ordua. Programa hori egunero izaten da, 16:00etan, euskaraz, salbu eta igandeetan, egun horretan ipuina gaztelaniaz kontatzen baita. Larunbatetan, gainera, zeinuen hizkuntzan ematen da. Aste honetan, honako hauek izango ditugu: Lur Korta (Urdeburutarrak), Saioa Aizpurua (Kili txikia), Amaia Puin (Ura gustoko ez zuen krokodiloa ), Lur Korta (Olivier Button), Iraitz Lizarraga (Bidean), Kattalin Ansorena y Bego Gonzalez (Miren Marmartia) eta Amaia Puin (La verdad de Arturo).

San Telmo Museoan, aste honetan #STMKuttunak ekimenak atal berri bat osatuko du, Nikolas Lekuonaren (Sín titulo) collage bat ardatz hartuta. Lan honi buruzko xehetasunak Second Canvas San Telmo Museoaren bidez ezagutu ahal izango ditugu. Gainera, eta bertan dagoen argazki-liburuen bildumarekin oso lotuta, museoak Novis Corpus-en hedapenean lagunduko du, 48 argazkilarik konfinamenduan sortutako argazki-liburua hain zaila den garai baten arrastoa gordetzen duen proiektu batean.

Zabaldu: