Bilboko Konpartsek Aste Nagusiari buruzko tribiala jarri dute martxan

Antzinako eta gaur egungo Aste Nagusia gogora ekartzea eta hobeto ezagutzea dira jolas honen helburuak.

Konfinamendua arintzeko asmoz, ekimen berri bat abiatuko du gaur Bilboko Konpartsen federazioak: Aste Nagusiari buruzko galdera-sorta, tribial formatuan. Hala, Tribial Herrikoia. Bilboko Konpartsak izeneko jolasaren lehen edizio honetan, egunero egingo dute galdera bat, Bilboko festa handiaren omenez. Galderak sei ataletan banatuko dira: historia, geografia, denbora-pasa, zientzia eta natura, kirola eta aisialdia, eta arte eta literatura. Itaunak Instagram, Twitter eta Facebook sare sozialetan egingo dituzte, egunero, 20:30ean, maiatzaren 4a eta 31 bitartean.

Antzinako eta gaur egungo Aste Nagusia gogora ekartzea eta hobeto ezagutzea dira jolasaren helburuak, “ondo pasatzea eta galdera guztiak ondo erantzuteko erronka, festa-giroak eragiten dituen ilusioa eta alaitasuna piztu eta mantentzearekin batera”, diote Bilboko Konpartsakoek. Izan ere, “krisi larri eta gordin honen barnean, askotariko egoerak daude etxeetan eta honakoa bezalako ekimenek une batez ilusioa berreskuratzeko balio badute, soilik horregatik, egitea merezi dute”, nabarmendu dute.

Aurretik, konpartsek Aste Nagusi zalantzagarriaren hasiera-datarako lau hilabete falta zirela gogoratu zuten joan den apirilaren 23an. Orduan, Bilboko sukaldeek, balkoiek eta egongelek hartu zituzten Aste Nagusiari eta Marijaiari egindako milaka kliska txiki. Sare sozialetan ere, nabarmena izan zen ekimenaren jarraipena, bertan, unean-unean egindakoez gain,  ehunka pertsonak Aste Nagusian bizi izandako une magikoak zabaldu zituzten. “Argi geratu zen, bilbotarrak prest daudela posible izango den momentuan bertan kaleak jai giroz eta kolorez betetzeko”.

Zabaldu: