Aurreko edizioan Juanjo Olasagarrek irabazi zuen

[Bideoa] Juanjo Olasagarrek jasoko du Joseba Jaka Beka

Bi urtetik behin Elkar Fundazioak ematen duen sormenerako Joseba Jaka beka Juanjo Olasagarre (Arbizu, 1963) idazleak jasoko du aurten, eta urte beteko epea izango du bere sormen lana egiteko: nobela bat.

Maialen Berasategik, Iratxe Retolazak eta Iban Zalduak osatutako epaimahaiak aukeratu du Juanjo Olasagarreren Mamu izateko moduak proiektua, aurkeztu diren 21 lanen artean. Idazleak 10.000 euroko beka jasoko du urte betean lana egin dezan, epaimahaiaren eta editoreen laguntzarekin.

Epaimahaiaren arabera, Mamu izateko moduak nobela egiteko: “Proiektuaren anbizioa eta hartutako arriskua azpimarratu eta goratu dira bereziki epaia erabakitzerakoan. Anbizioa, aurkeztutako lanak istorioan zehar euskal gizarteko askotariko elementuak bilbatzeko asmoa, eta hainbat geruzatako arkitektura narratiboa eraikitzeko asmoa erakusten duelako. Eta hartutako arriskua, ekarpen desberdin bat egin nahian, proiektuak euskal nobelagintzan horren ohikoa ez den konbinazio bat proposatzen duelako: genero fantastikotik euskal gatazkaren arrakala zenbait zeharkatuko dituen begirada. Euskal gizarte eztabaidan pil-pilean dagoen gai bat aukeratuz gainera, gure iragan hurbilaren inguruko errelatoarena hain zuzen, proiektuari interes gehitu bat eransten diona”.

Idazlearen ustez, “guri, herritar moduan, gertatu zaigun gauza handi bat izan da euskal gatazka; hainbeste non Jokin Muñozek uste zuen gure kanpora ateratzeko berezitasuna izan behar zuela. Eta nik, berriz ere, euskal gatazkari heldu diot, baina beste ikuspegi batetik. Nobela honetan, idazle bat dago, idazle andre bat, eta idazle andre hori mamuen edo fantasmen nobela bat idazten ari da, euskal gatazkaren inguruan. Bi hari horiek lotuz nobela hau idazten saiatuko naiz.”

Olasagarrek adierazi duenez, proiektua joan den abenduan aurkeztu zuen, oraindik pandemia ez zegoen garaian, eta orain ez daki horrek eragingo duen lanean. “Garai arraroak dira hauek eta proiektua abenduan entregatu genuen, alegia pandemiaren aurretik, eta, aurreko batean, irakurri nion nobela erdibidean duen nobelista bati, arraroa egiten zaiola, bizitzen ari garenarekin, zaila egiten zaiola bere pertsonaiek hemendik aurrera zer pentsatuko duten erabakitzea. Ataka honetatik ez dakigu nola aterako garen, nola aterako den mundua, eta nobelista horrek ere ez daki nola aterako diren bere pertsonaiak. Hau jende askori gertatzen ari zaio eta niri ere bai. Ez dakit eragingo dion nobelari, proiektuan behintzat ez zegoen.”

Azken urteotan beka ematea Elkar Sariak banatzeko ekitaldien barruan egin izan da, baina aurten ez da zuzeneko ekitaldirik izango, bizi dugun pandemiaren eraginez.

 

Zabaldu: