Larzabal kolegioa. (argazkia: Seaska)

[Bideoa] Seaskak jasoko du 2020ko Ibilbideari Elkar Saria

Eskolaren bidez, 50 urte luzez euskararen alde Ipar Euskal Herrian egindako lanagatik jasoko du saria.

Aurten ez da Elkar Sariak banatzeko ekitaldirik egingo, hala ere, Elkar Fundazioak aurtengo sariak emango dituela iragarri du. Aste honetan bertan, esaterako, Joseba Jaka beka Juanjo Olasagarre idazleak jasoko duela jakin dugu. Gaur berriz, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak aurtengo Ibilbideari Elkar saria eskuratu duela ezagutzera eman dute.

Sariak euskara eta euskal kulturaren inguruan egindako lana ezagutzea eta goraipatzea ditu helburu. Hala, Elkarrek Seaskak aitorpena merezi duela erabaki du. “Eskolaren bidez, 50 urte luzez euskararen alde Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan, egindako lana aitortzeko”.

Guraso talde baten ekimenez, Seaska Baionan jaio eta 1969an ofizialki finkatu zen Arrangoitzen. “Bost ikaslerekin zabaldu zenetik, etengabea izan da Ipar Euskal Herriko lurraldeetan egindako lana. Milaka ikasle eskolatu ditu euskaraz, eta hezkuntza euskalduntzeko akuilu izan da Ipar Euskal Herrian”, adierazi du Joxemari Sors Elkar Fundazioko Lehendakariak. “Lan handia egin du eta ez baldintza onetan, oraindik euskara ofiziala ez den eremu batean egin behar baitu lan”.

Oztopoak oztopo, guraso eta irakasleen engaiamendu eta kemenari esker, Seaska indartzen eta zabaltzen joan da. Gaur egun 37 ikastetxeko sarea du eta 4.000 ikasle ari dira ikasten. Sorsen arabera, “Seaskaren ekarpena beste hainbat ekimenekin batera, inolako zalantzarik gabe, ezinbestekoa izan da Ipar Euskal Herrian euskara gal ez dadin. Seaska herri ekimenaren emaitza da hastapenetik eta baita bere iraupenean ere. Adibide argia da ikusteko zein baliotsua izan daitekeen herri gogoa, ondo artikulatzen jakiten bada. Hasieran, guraso batzuk bere seme-alabak euskaraz ikastea nahi zuten, gogo hori ekimen bihurtu zen eta jarraipena eman zitzaion, eta beste askoren laguntzarekin eta herri baten sostenguarekin, posible egin dute gaurko errealitatea”.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariarentzat, “ohore handia da, egun, aitortza jasotzea, 50 urteko ibilbidearendako. Euskalgintzaren baitan, Elkarren zein ikastoletan, urratsez urrats aitzinatzen gara. Elkar eta Seaskaren arteko harremana aspaldikoa da, eta beti izan da ona. 50 urtez, Elkarreko liburu eta diskoak gure haurren altxorra izan dira. Momentu zailenetan, elkar lagunduz lortu dugu oztopoak gainditzea; lehen bezala orain, eta geroan ere lortuko dugu”.

Saria Gotzon Huegun eskulturagilearen artelana da, eta, ohiko ekitaldiaren faltan, aukera dagoenean emango dio Fundazioko patronatuak Seaskari.

Aukera baliatuz, datorren igandean, maiatzaren 10ean, denok Senpereko aintziran elkartzeko hitzordua genuela gogoratu nahi izan dute, Herri Urratsen beste edizio bat izan behar baizen bertan. “Aurten ezingo da Herri Urrats egin, baina Ipar Euskal Herriko ikastolek  euskaltzale guztion laguntza beharko du aurrerantzean ere, eta dei egiten dute Seaskako ikastolak laguntzen eta indartzen jarrai ditzagun”.

Zabaldu: