[Bideoa] Juan Kruz Igerabide idazleak ‘Noiz arte arrazoi’ aforismo-bilduma aurkeztu du

Bildutako aforismoen abiapuntua Adam Zagajewski poetaren gogoeta batean kokatu du egileak. Koldobika Jauregi margolariak propio egin ditu marrazkiak libururako.

Bideokonferentziaz aurkeztu du gaur, Juan Kruz Igerabidek Noiz arte arrazoi izeneko aforismo-liburua. Idazle adunarrarekin batera, Koldobika Jauregi margolari eta eskultoreak eta Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak hartu dute parte.

“Literaturaren maparen kartografo finenetariko bat” dela esanez aurkeztu du Gimenezek liburuaren egilea. “Izan ere, ez dut generorik ezagutzen Kruzek landu ez duenik, eta ez azaletik edo arin, baizik eta literaturtasun propio baten jarrera zorrotzetik abiatuta”.

Liburu honetan bildutako aforismoen abiapuntua Adam Zagajewski poetaren gogoeta batean kokatu du Igerabidek: “Aforismoak, ados; baina, noiz arte izan dezakegu arrazoi? dio poetak, eta liburuan erantzuten diot nik: Aforismoak idazten hasi aurretixe arte”. Igerabideren esanetan, aforismoak, arrazoia baino areago, konstatazioak dira, argazkilari batek objektua uste gabeko angelutik harrapatzen duenean bezala. Batzuetan, arrazoizko konstatazioak dira, zuzenean eginak Etika komeni den komenientziaren araberakoa da, beste batzuetan, konstatazio hiperbolikoak Autorretratuek munstrokeria betikotzen dute, edo paradoxaren bidez arrazoiari irtenbidea ixten diotenak Metodo zientifiko ahalguztidunaren arrakalak ere ahalguztidunak dira.

Liburuko aforismoak nolabait sailkatzerakoan, hainbat multzo aipatu ditu idazleak: “Aforismo psikologiko-existentzialak, adibidez, ugari dira, han-hemenka txertatuak Ulertzen dudan orok beste ulertze bat ere badu, Egia da frustrazioaren izen metafisikoa; horien ondotik, aforismo sozialak dei daitezkeenak badira A ala B aukeratzeko agintzen didatenean, alfabeto osoa etortzen zait burura; arteari buruzko gogoetak ere txertatzen dira, liburuari gorputz-izaera bat emanez, arrazoia, zientzia, paradoxa, arte bidezko hautematea txirikordatzen baitira, errealitatea irudikatzeko modu aldeanitz bat eraikitzeko, gorputz prismatiko baten antzera Espetxetik ihesi dabil artea, une batez ur-barrunbetik aireratzen den izurdearen pare”, “Arteak errealitatea erretratatzen du, beste aldera begira”.

Aforismoari buruzko gogoetak ere ez dira falta, orrialdeetan zehar barreiatuak, eta gogoeta hori azken eranskin batez ixten da, aforismoaren historia laburbilduz, aforismoaren eragin psikologikoaren ikuspegitik.

Lan honetan Koldobika Jauregi artista alkizarra izan du idazleak bidaide: hamabost marrazkik laguntzen dituzte liburuko aforismoak. “Igerabidek kolore anitzeko testu aforistikoak sortu dituen bezala, Jauregik beltzaren indar osoarekin erantzun dio idazleari, ikonografia estilizatu sendo batez, tintazko aforismoak sortuz”, adierazi du Gimenezek. Igerabideren ustez, “elkarrizketa atsegina eta patxadatsua sortzen da nire aforismo eta Jauregiren marrazkien artean, eta seguru nago irakurleak izugarri estimatuko duela irudien konpainia, iradokizunez beterik baitatoz”.

Aurkezpena amaitzeko, Gimenezek iragarri du bizi garen egoera zailean Alberdania argitaletxeak liburuaren eta irakurketaren aldeko apustu berezi bat egin nahi duela: “maiatzaren 20an, Noiz arte arrazoi liburua formatu elektronikoan erdi-prezioan (4,22 eurotan) eskuratu ahal izango du hala nahi duenak, Alberdaniaren web-gunean”.

 

Zabaldu: