XIII. Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria abian

Lanak aurkezteko epea irailaren 18ra arte egongo da zabalik.

Soziolinguistika Klusterrak eta  EHUk XIII. Txillardegi-Hausnartu Saria martxan jarri dute. Sari hauen helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. “Asmoa da euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena duten ikerlarien lana bultzatzea, eta beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura biltzea, modu horretan hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastuko baitira”, adierazi dute antolatzaileek.

Hala, euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkeztu ahal izango dira sarietara, beti ere oinarri zientifikoa badute edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak badira. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, medikuntzatik, erizaintzatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, ekonomiatik, zuzenbidetik, matematiketatik, informatikatik, kirol esparrutik, edota arteen eremutik.

Lanak baloratzeko eta saridunak hautatzeko berariazko epaimahaia osatuko da, honako kideekin: Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat; Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari bat; Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ordezkari bat; Unibertsitate irakasle bat; BAT Soziolinguistika Aldizkariaren zuzendaria.

Saritutako lanak antolatzaileen esku geratuko dira, haien intereseko diren eremuetan ezagutzera eman edota argitaratuak izan daitezen.

Lanak jasotzeko epemuga 2020ko irailaren 18a izango da.

Euskal soziolinguistika esparruko ikerketak saritzen dituen lehiaketa 2008an sortu zen Hausnartu sariak Soziolinguistika Klusterraren ekimenez eta 2019tik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitatea antolakuntzara batu zenetik Txillardegi-Hausnartu izena hartu zuten, Jose Luis Alvarez Enparantza euskal soziolinguistikaren bidegilearen omenez.

Informazio gehiago hemen: hemen.

Zabaldu: