Zinemaldiak eta EQZEk ‘Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak’ ikastaroa antolatu dute

Ikastaroa irailaren 1etik 3ra bitartean egingo da.

Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE), Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua, EHUren Udako Ikastaroen 2020ko programan parte hartuko dute, Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak: historia, kultura eta politika proposamenarekin. Ikastaroak zinema-jaialdiei buruzko ikerketarako bidea proposatzen du, iraganaren, orainaren eta geroaren arteko elkarrizketak ezarrita. Hitzaldiek nazioarteko zinema-jaialdien historia aztertuko dute, eta aldaketa sozial eta politiko garaikideekin duten lotura, eta mahai-inguruetan, aldiz, zinema-jaialdion orainari eta etorkizunari buruzko eztabaidarentzako lekua egongo da.

Ikastaroaren zuzendaria Pablo La Parra Perez izango da, EQZEko ikerketa saileko arduraduna. Bere hitzaldian, La Parrak 68 luzearen hausturak izango ditu hizpide, eta, bereziki, Zinemaldia Trantsizioan izango da hizketagaia: Zinemaldiaren 68 berantiarra. Berarekin batera Caroline Moine ikertzaileak (Versailles Saint-Quentin-en-Yvelines Unibertsitatea) Zinema eta Gerra Hotza eta Zinema-jaialdien jaiotza Alemania zatitu batean izango ditu hizpide, eta Aida Vallejok (EHU), berriz, Zinema-jaialdien ugaritzea maila globalean eta “emanaldi eredu espezializaturako” joera izango ditu hizpide, zinema dokumentaleko jaialdietan arreta jarrita.

Zinema-jaialdiei buruzko ikerketa kritiko eta konparatua hiru mahai-ingururekin osatuko da. Paz Lazaro, Berlinaleko hautapen-batzordeko programatzailea, eta Marta Selva, Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones jaialdiaren zuzendaria, feminismoaz eta jaialdietako genero-arrakalaz ariko dira; Charlotte Serrand Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldiko hautesleak eta Victor Iriarte Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen programaren arduradunak zinema-jaialdien XXI. mendeko programazio-erronkak aztertuko dituzte; eta Alejandro Diaz Castañok (FICX Gijón), Vanesa Fernandez Guerrak (ZINEBI) eta Jose Luis Rebordinosek (Donostia Zinemaldia) estatu espainiarreko zinema-jaialdien erronkak eta ikuspegiak izango dituzte hizpide.

Zinema-ikerketako eta -industriako profesionalen bilgune honen xedea da zinema-jaialdien gaineko eztabaida sustatzea, ikuspegi kritiko, historiko eta konparatuan oinarrituta, zinema-jaialdien, zinema-kulturaren eta aldaketa historiko eta sozial nagusien arteko lotura ulertzeko. Azterketa-kasuak landuko dituzte, nazioarteko zinema-jaialdien artxiboen gainean egindako ikerketak oinarri hartuta, jaialdion eginkizun politikoari buruz eztabaidatu eta hausnartzeko.

Ikastaroa irailaren 1etik 3ra artean egingo da. Izena emateko, EHUren Udako Ikastaroen webgunea erabili behar da. Matrikula doan izango da EQZEko ikasleentzat eta Zinemaldiko langileentzat, eta EQZEko ikasle ohiek prezio murriztua ordainduko dute. Plaza kopurua mugatua da.

Egitaraua ikusteko hemen.

Zabaldu: