Karlos Gorrindok ‘Funanbulistaren beldurra’ eleberria aurkeztu du. Joseba Sarrionandiak egin dio hitzaurrea liburuari.
Karlos Gorrindo (Gernika, 1958) idazleak kartzelan bizitakoak jaso ditu, gaur aurkeztu duen Funanbulistaren beldurra izeneko liburuan. 1980an ETAko kide izateagatik espetxean sartu zuten eta bertan 16 urte eman zituen. Inazio Mujika Erein argitaletxeko editorearen arabera, “oso gutxitan eman da espetxean bizitzen denaren berri, liburu honetan bezain modu egiantzeko eta gordinean”. Editorearentzat liburu autobiografikoak gordin idatzi behar dira eta idazten dituenak min bat sentitu behar du, “zoriontsu gaudenean ez dugu liburu autobiografikorik idazten”. Bere ustez, liburu honen meriturik handiena da “idazlea orduko pentsamenduarekin” iraganera hurbildu dela. “Orduko kontuak pixkanaka kontatzen dizkigu eta bere mina guk ere sentitzen dugu azkenean”.
Gorrindorentzat ez da erreza izan idatzitakoaren gaineko definizio bat ematea, “nik neuk zalantza asko ditut, ez dakit zein liburu mota idatzi dudan. Ez dakit nobela bat egin dudan, literatura hutsa egin dudan, kartzelari buruzko kronika bat, erreportaje periodistikoa…”. Iraganetik gaur egunerako ibilbidea kontutan hartuta, bere “barrutik sortu den istorio bat” dela azaldu du.
Egileak kapituluka banatu du liburua eta horietako bakoitzak batasun bat du bai lekuagatik, baina baita animikoki ere. “Atal bakoitzaren hasieran, momentu horretan nengoen kartzelaren izena aipatu dut, eta horrekin batera musika talde baten abestia ere”. Hala, kantuek Gorrindok kartzela horietan bizi izandako esperientzia emozional eta animikoekin zerikusia dute. Herrera de la Manchan esaterako, Mikel Laboaren kantuak entzuten zituen idazleak, Alcala Mecon berriz, Benito Lertxundiren Oi ama Eskual Herri goxua. “Liburu multimedia bat dela esan dezaket”, gaineratu du.
Lan honetan bilakaera pertsonal eta humano bat dagoela azaldu du eta baita bilakaera politiko bat ere. Hala ere, ez du uste bilakaera horretan ideologia aldaketarik egon denik. “18 urterekin Euskal Herriari buruz sentitzen eta pentsatzen nuena, gauzagarri edo gauza gaitz izan, berdin berdin pentsatzen eta sentitzen dut gaur egun ere, hau da, nik Euskal Herri independente eta soberanoa nahi dut orain ere”.
Egileak ilusioarekin ekin zion liburua ontzeari, baina baita urduritasunarekin ere, “poz, zorigaiztoz, baina aitagai batek bere emaztea haurdun geratzen denean sortzen dion sekulako ilusio berarekin oratu zion”.
Sortze prozesuari dagokionez, Gorrindok aitortu du ez dela batere erreza izan, “urteetan zehar buruari bueltak ematen ibili naiz ea inoiz idatziko nuen kartzelari buruzko liburu bat lehen pertsonan”. Hala ere, nabarmendu du ez dela ausardia faltagatik izan, “denboraren joanak objektibotasun puntu bat eransten dio narrazioari”.
Liburua idaztea nahiko estresantea ere izan dela kontatu du, idazleak atzera begiratu behar izan baitu, “nire bizitzako hainbat pasarte gaur egunera ekarri behar izan ditut eta orduko pentsaerarekin idatzitako kontuak direnez, orduko sentimenduetara bueltatu behar izan naiz, orduko egoera animiko emozional horretara. Liburua idatzi ahala, sentimendu eta emozio asko batu zaizkiola aitortu du, “alaitasuna eta poza, tristura, negar egiteko gogoa, amorrua. Ez da erditze erreza izan, forzepsak erabili behar izan ditugu hau dena kanpora ateratzeko”.
Zailtasunak zailtasun, emaitzarekin pozik geratu da idazlea, “liburu honekin lehendabizikoz idazle izaten hasi naizela sentitu dut, beraz, ibilbide luzea daukat idazteko oraindik ere”.
Gaur egun liburuak jendeari historia hobeto ezagutzeko ekarpena egin diezaiokela uste du Gorrindok, “ez dut inoren kontra egin nahi, baina uste dut testigantza honek gizarte eta pertsona moduan hobetzeko balio dezakela”.